Azaroaren 1ean egingo dute, gazte hondarribiarra hil zeneko bosgarren urteurrenean. Dagoeneko izena eman daiteke hiru probetan.
Dagoeneko izena eman daiteke laugarren ekitaldirako. irudia, iazko familien lasterketa
Beñat Elzo Mendi Lasterketaren laugarren ekitaldia egingo dute azaroaren 1ean Hondarribian, Beñat Elzo gaztearen heriotzaren bosgarren urteurrenean. Astelehenean ireki zuten izena emateko aukera, baita aurtengo ekitaldiko elastikoak erostekoa.
Aurreko ekitaldietako bilakaera eta arrakasta ikusirik, parte hartzeari dagokionean berrikuntza gutxi izango da aurten. Hala, hiru modutara izango da parte hartzeko aukera, oinezko martxan, mendi lasterketan edota familien proban izena emanda. Hirurak kirol kaian hasi eta bukatuko dira, hori bai, bakoitzak bere formatu propioa izango du.
Proba nagusia hamar kilometroko mendi lasterketa izango da (11:00etan), zati handienean Elzo entrenatu ohi zen bideetatik egiten dena, Jaizkibelgo Talaiatik alegia. Iaz 297 lagunek eman zuten izena probarako, aurten zenbaki horretara iristea behintzat espero dute antolatzaileek.
Aurretik, eta ibilbide beretik, oinezko martxa egingo dute (09:00etan), hamar kilometrokoa hau ere. Iaz bigarrenez egin zuten eta 615 pertsonako tropela osatu zen. Eta azkenik, mendi lasterketa eta gero, familientzako proba izango da (12:30ean), aurreko urtean 847 pertsona bildu zituen 1,5 kilometroko kirol festa. Mendi lasterketa ez bezala, oinezko nahiz familien probak ez dira lehiatzeko izango.
Mendi lasterketarako 20 euro jarri behar dira (euro bat gutxiago txipa dutenentzat), oinezko martxarako 10 euro, eta familien probarako 5 euro. Mendi lasterketan izena emateko
kirolprobak.com webgunean egin behar da; beste bietarako Done Pedro Arrantzaleen Kofradiaren saltokian, Miramarren; bertan, gainera aurtengo ekitaldirako propio diseinatu duten elastikoa eros daiteke, 10 euroan.
Ademgi elkartearen alde
Hiru probetan bildutako diruak bere osotasunean helburu solidarioa izango du, antolakuntzako aurrekontua babesleekin osatzen baita. Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearentzat izango da Beñat Elzo Mendi Lasterketaren laugarren ekitaldian bilduko duten dirua.
Esklerosi anizkoitza pairatzen duten gaixoei laguntza eskaintzen die Ademgik. Nerbio-zentralari eragiten dion gaixotasun sendaezina da, baina tratamendu egokiaren bitartez gaixoen bizi-kalitatea asko hobetzen da. 2007an birgaitze zentroa ireki zuten Donostian eta bertan, gaixoen funtzioak berreskuratu eta autonomia-maila, bere osotasunean, hobetzen saiatzen da Ademgi elkartea.