Kataluniara/tik begira
Katalunian erreferenduma deitu dute etziko. Orain arte bizi dutenaren berri eman dute Bartzelonan bizi diren errenteriar eta hondarribiar batek.
Katalanistak zirenak independentistak direla orain ziurtatu du Aritz GalarragakAdierazi duenez, etzi zerbait gerta daitekeenarekin konbentzituta ikusten ditu kataluniarrak, batez ere independentistak. «Estatu berri bat, independentzia… Hori gertatu daitekeela ikusten dute», zehaztu du. Hala ere, bera nahiko eszeptikoa dela jakinarazi du, eta ez duela oso argi ikusten. Hori bai, orain dela hiru urte baino grina handiagoa sumatzen du. Grina hori handiagotzen Espainiako Estatuak lagundu duela ziurtatu du Galarragak: «Nik uste dut, jende bat mobilizatuko ez zena edo botoaren norabidea oso argi ez zeukana, Madrildik etorritako kanpaina horrek lagundu duela gauzak argitzen. Segur aski, erreferendum bermedun bat egingo balitz, baiezkoak irabaziko luke, hain zuzen horregatik. Kontua da gero zer egingo den: zein baldintzatan egingo den igandekoa, biharamunean erreferendum deitu ahal izango zaion… Dena delakoak». Espainiako Gobernuaren erantzunaren harira, independentziaren aldeko kontua zena, ia demokrazia eta oinarrizko eskubideen gaineko gauza bat izatera pasatu dela iritzi du. Egunerokoarekin aurrera Pasa den astean, mobilizazio jendetsuen irudiak jaso ziren Kataluniatik. Estatuko hainbat mediok tentsio handieneko momentuen gainean jarri dute fokua, ia gatazka zibil bat egongo balitz bezala irudikatuz. Galarragaren arabera, ez da horrela:?«Uste dut presente dagoela, eta jendeak gaiari buruz hitz egiten duela. Madrilgo medioek erakutsi nahi dutena baino modu zibilizatuago batean, gainera. Haustura eta horrelakoak entzuten ditudanean, barregura sartzen zait. Jendea lehen bezain kohesionatuta —edo ez-kohesionatuta— dabil, eta prozesuak ez du hautsi Kataluniako gizartea. Ez da omnipresentea». Hala ere, gaiari buruz lehen baino gehiago hitz egiten dela ziurtatu du, baina eguneroko gauzek betetzen dituztela kataluniarren kezkak, gaurkotasunaren beste elementu bat balitz bezala: «Oso modu naturalean ematen da. Agenda politikoan lehenengo lekuan dago, baina ez da obsesio. Jende mobilizatuena ere ez dago egunero kanpaina edo proselitismoa egiten. Erreferendum normal bat egongo balitz ere, ez dakit egoera berbera izango litzatekeen. Agian jendea kanpaina moduko horretan gehiago sartuko litzateke».
Independentziaren aldekoa zena, demokraziaren aldarria bihurtu daIgandean gerta daitekeenarekin, pronostiko zehatza ematea zaila dela uste du hondarribiarrak: «Gaur asteartea da [orduan egin zen elkarrizketa], eta gerta daitezkeen gauza asko esaten dira; Puigdemont atxilotzea, adibidez. Igandean ere edozer gerta daiteke: galdeketa erabat ez debekatzea, baina hautesleku batzuk bai eta beste batzuk ez. Kontua urardotzea, azken finean. Galdeketa egitea, baina oso baldintza eskasetan, edo ez estandarretan». Bere ustez, aukera hori ez da bi aldeentzat txarrena. «Kataluniako Gobernuak esan dezake saiatu direla ahal zuten guztia egiten, eta ez dietela utzi», zehaztu du Galarragak, «eta Madrilgo gobernutik esan dezakete erreferendumik ez dela egin, edo eskasa izan dela». Horrela, biharamunean bi aldeek negoziatzeko arrazoi bana izan dezaketela gaineratu du. Esan duenez, igandean bertan neurtuko da bi aldeen abilezia politikoa, eta noraino iritsi nahi duten. «Ez ote dauden bi aldeak negoziazio bat hasteko nahiekin? Auskalo…». Azkenik, euskal herritar batzuk kataluniarrak eurak baino ilusio handiagoarekin ez ote dauden uste du. «Oso motibatua ikusten dut sektore bat, hurrengo egunean zerbait pasako denaren zain. Hemen [Katalunian] bertatik bertara bizita, kontua apaldu egiten da, aparra ez da hainbesterainokoa. Hori bai, ulertzen dut batzuen desioa eta inbidia puntua ere». Olatuaren gandorrera Julen Rodriguez oreretarrak ez darama hainbeste denbora Bartzelonan bizitzen. Duela ia bi urte joan zen hara bizitzera. «Ni iritsi eta denak bete-betean harrapatu ninduen. Hona iritsi nintzenean, egin nituen lagunak independentistak ziren, edo katalanistak behintzat. Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasunak jakin nahi zituzten hasiera batean. Nik pixka bat atzerago bezala sentitzen zirela ikusten nuen, ‘hau da dagoena’ esango balute bezala».
La Merce jaiaren ondoren, ‘giroa’ bueltatu da BartzelonaraRodriguezek esan duenez, azken urtean independentziarako grina berpiztu zaie bere ingurukoei. «Paso egiten zuen jende bat inplikatuago ikusten dut. Gainera, estatuak, bere erantzunarekin, kontrako efektua lortu du». Pasa den astean bueltatu zen Bartzelonara, sorterrian emandako oporralditik, egoera puri-purian zegoenean. «Lagun batzuekin pasatu nintzen erdigunetik. Giroa nahiko berotuta zegoen. Asteburuan La Merce festak izan dira Bartzelonan, eta kontua pixka bat baretu da. Gaur [asteartea] berriro nabaritu da zarata pixka bat. Iritsi nintzenean, jende dezente ikusten zen kalean, estelada-rekin».
Azken urtean inplikazio handiagoa sumatu du Julen RodriguezekIlustratzailea da Rodriguez, eta etxetik egiten du lan. Sants auzotik gertu bizi da, eta mobilizazio gehienak erdigunean egiten diren arren, bera bizi den tokian ere nabaritzen da erreferendumaren aldeko aldarria:?«Gauero, 22:00etan, kazolakada egiten dute, ordu laurdenez. Jendea balkoietara ateratzen da, eta eltzeak jotzen ditu. Bartzelona osoan zarata handia sortzen da. Nire auzoa nahiko aparte dago, Sants ondoan, baina hemen ere ateratzen dira balkoira. Erdialdera joaten bazara, ezin duzu ezta hitz egin ere». Egunotan lan handia pilatu zaio, eta ezin izan du mobilizazioetan nahi beste parte hartu. Etzi, kalera aterako dela ziurtatu du. Milioika kataluniar bezala.
Deialdi ugari, elkartasuna adierazteko
Kataluniako erreferendumak eta bere aurrekariek oihartzun zabala izan dute Oarsoaldean eta Bidasoan. Irailean zehar, hainbat mobiliazio egin dituzte, Kataluniak —baita Euskal Herriak ere— erabakitzeko eskubidea egikaritzearen alde. Koloreak kolore, eskubide hori defendatzen duten herritar ugari bildu dira demokraziaren alde egunotan. Erakundeetan ere izan du presentzia. Hala, Errenteria-Oreretako, Pasaiako eta Oiartzungo udalbatzek mozioak onartu dituzte, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin. Errenteria Irabaziz-ek eta Pasaiak Ahal Du taldeek ere babestu dituzte, kasuan kasu. Lezoren kasuan, atzo arratsaldean egin zuten plenoa, edizio hau itxi ondoren. Bilbo eta Bartzelona Gure Esku Dago-k, eta Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalak deituta, manifestazioa egingo dute bihar arratsaldean 17:30etik aurrera, Bilbon. Ohiko tokietan eman daiteke izena. Bestalde, hainbat autobus irtengo dira Euskal Herritik Bartzelonara —tartean, Lezoko bat—. Gure Esku Dago-k hainbat gomendio eman dizkie doazenei: etzikoa jai eguna ez dela gogorarazi dute, eta protagonistak kataluniarrak direla nabarmendu dute. Sareetan datu ofizialak partekatzeko eskatu dute. Bihar- Lezo. Bartzelonara joateko autobusa antolatu dute. Tiñelun dago zerrenda. Autobusa bihar 23:00etan aterako da Kioskotik. Bartzelonatik igande iluntzean aterako direla jakinarazi dute, 22:00etan.
- Irun. Demokrazia=bozkatu erabakitzeko, bozkatuz etorkizuna eraiki lelopean, Zabaltza plazan elkartuko dira, 12:00etan, Irungo Gure Esku Dago-k deituta.
- Pasaia. Antxoko Gure Zumardian bozketa sinbolikoa egingo dute, 12:00etatik aurrera. Musika eta joaldunek girotuko dute eguerdia, eta pintxoak ere izango dira. 13:00etan elkartasuna adierazteko argazkia aterako dute.
- Oiartzun. Ekitaldi soziala antolatu dute Demoarso galdeketa sustatu zutenek. 13:15ean elkartuko dira Done Eztebe plazan, eta Oiartzungo Herritarren Adierazpena aurkeztuko dute. L’estaca abestia kantatuko dute, eta krema kataluniarra dastatzeko aukera izango da.
- Errenteria-Orereta. Demokrazia Errenteria-Orereta taldeak deituta, 10:00etan auzoetan argazkiak egingo dituzte. 11:00etan, zutabeak egingo dituzte. Ipar zutabearen ibilbidea honakoa izango da: Beraungo Pablo Sorozabal plazatik atera, eta Galtzarabordako Ion Arretxe plazatik pasatuko dira, Alabergako beheko plazara abiatu aurretik. Diputazio plazan itxoingo diete iztietarrek, Gamon Zumardira joateko. Hego zutabea Fanderia, Agustinak eta Gaztaño auzoetako bizilagunek osatuko dute. Agustinetan eta Gaztañon auzo elkarteen parean elkartuko dira, eta Fanderian parkean. Santa Klara plazan batuko dira guztiak. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Zumardian, baita 18:00etan ere. 11:00etatik aurrera plaza horretan bertan botoa emateko aukera egongo dela jakinarazi dute.