Hondarribia Arraun Elkartean 15 urte eman ditu, horietatik 8 lehen traineruan. 27rekin arrauna uztea erabaki du, baina azken urtean gozatzen saiatu da.
Aurrerantzean zaleen artean bizituko ditu Castrillonek estropadak
Denboraldia bukatuta jakinarazi du Julen Castrillonek datorren urtean ez duela Ama Guadalupekoa-n jarraituko. Azken urtea izanik, une bakoitza gozatu duela aitortu du, baina era berean, arraunlariak pertsonak direla kontuan hartzen ez duen kirolarekin erreta bukatu duela.
Hemendik aurrera zale bat gehiago izango da, eta hori arraro egingo zaio. Asteartean egon zen HITZA berarekin, urtetan izan ez dituen oporretara joateko bezperetan.
Oporretara zoaz?
Bai, orain Gomerara noa, hurrengo astean taldeko baten ezkontzara, eta ondoren furgonetarekin Europa iparraldera joango naiz, Norvegia, Danimarka… abentura pixka bat!
Merezitako oporraldia?
Nik uste baietz. Urte dezente daramat lotu gabe opor batzuk. Beti banuen, edo arrauna, edo lana, edo ikasketak, bat bukatu eta bestea hasita zegoen, eta ez dut tarterik izan bi hilabeteko bidai bat egiteko. Norbaitek esango du, ‘a zer aurpegia duen horrek’, baina gogoa nuen hori egiteko eta ez nuen tarterik. Orain aurkitu dut momentu hori, eta oso motibatuta nago.
Denboraldia ez da nahi bezala bukatu, baina ligan bigarren, bost bandera irabazita —sei garaipen, Zarauzko bigarren jardunaldia kontuan hartuta—. Maila handia eman du taldeak.
Beti nahi dugu irabazi, baina ez irabazteak ez du esan nahi kontent ez dugunik bukatu. Koroa guk irabazi izan bagenu, horrek esan nahiko luke Urdaibaik mailarik eman ez duela? Oso parekatua izan da, baina batek irabazi du. Egia da jendeak esango duela bi urtez jarraian bigarren ligan, eta Kontxan azken lau urteetan hor, baina irabazi gabe. Ginga falta dela ematen du, baina irabaztea ez da dena, beste gauza batzuk baloratu behar dira. Eta maila oso altua eman dugu.
Azken egunera arte aukerekin zineten, baina zozketan galdu zenituzten guztiak.
Alde zein kontra, oso injustua da arrauna. Beste aldera balitz ere, injustua litzateke. Horrelako kirol batean, hainbesteko dedikazio, hainbeste ordu eta gero, zorteak horrenbesteko garrantzia izateak inpotentzia eragiten du. Azken estropada ona egin genuen, baina… Badakigu zertan ari garen, eta arauak onartzen ditugu, baina batzuetan gehiegi sumatzen da… Inoiz ez dugu zorte ona eskatzen, baina zorte txarrik ez izatea bai, hori eskatzen dugu beti. Eta aurten…
Kontxa bezala bukatu zen liga zuentzat, kaleen zozketan…
[Pentsakor] Badira egoera batzuk ulertezinak direnak. Esaterako, play-off bat erlojuaren kontra erabakitzen da oso garrantzitsua delako, eta hain parekatua dagoen liga bateko azken asteburua ez da erlojuaren kontra erabakitzen. Zergatik? Ikuskizunagatik? Telebistagatik? Gauza batzuk hobetu daitezke, faktore horien eragina txikitu. Kontxa, Kontxa da, morbo hori du, zozketak… pribatua da, ikuskizuna bilatzen du… erlojuaren kontra ez zen gauza bera izango, ezta lau luzeetara ere. Baina liga…
Onenak irabazi al du?
Bai, hainbeste estropada pasata, noski. Maila oso antzerakoa dugu biek, Urdaibaik eta guk, baina gutxien huts egin duenak irabazten du, eta guk bitan-edo huts egin dugu, eta beraiek gutxiago. Horrek ez du esan nahi gu baino askoz hobeak direnik. Baina hobeak izan dira.
Hala ere, koroa irabazi zenuten urteetan, aurten baino postu txarragoak egin zenituzten…
Seguru, aurten laugarrena izan da postu txarrena, beste urte batzuetan bosgarren, seigarren ere izan gara. Baina Urdaibairen postu txarrena hirugarrena izan da, eta hori lortzea oso zaila da.
Zu nola ibili zara?
Emaitza aldetik ez da urterik onena izan, baina arrauna beste modu batera ikusi dut, gauzak erlatibizatzen ikasi dut, disfrutatzen gehiago, arraun egiteko aukerarekin gozatu, lagunekin entrenatzen. Finean hori gara, lagun talde bat, haurretatik. Adibidez Kontxan, etxeko hamar arraunlari joatea traineruan, hori izugarria da.
Alde horretatik, inoiz baino gehiago disfrutatu dut, aurreko urteetan presionatuago ginen, nahi gabe. Bizitzan badira etapa batzuk, eta bat bukatu dut. Eta uzteko modu hoberena hau da, urte on baten ondoren, gustura bukatuta.
Noiz hartu zenuen erabakia, arrauna uztekoa?
Aurreko denboraldia justu kontrakoa izan zen, oso goibel bukatu nuen. Batzuetan ematen du arrauna oso ondo antolatua dagoela, oso polita dela, telebista… Baina atzekoa, arraunlariek jasotzen dugun tratua, pertsonak gara, arraunlari bakoitza da pertsona bat, eta hori ahazten zaigu.
Zer esan nahi duzu horrekin? Zerk huts egiten du arraunean?
Esaterako, aurten Hondarribian arraunlari bat egon da arraun egiteko aukerarik izan ez duena, Ander Orbañanos, Mikel entrenatzailearenen iloba. Iaz bigarren ontzian ibili zen, eta horretarako Oriori ordaindu behar izan zitzaion, formazio eskubideengatik. Aurten Ama Guadalupekoan sartzea zen asmoa, eta Oriok diru gehiago eskatu du, eta arraun egin gabe geratu da mutila. Legea Orioren aldekoa da, baina legeen gainetik pertsonak daude, eta ez dut ulertzen elkarte bateko zuzendaritza hain bihozgabea nola izan daitekeen. Tristea da hori.
Garaipenak dena justifikatzen duelako…
Ezta milioika euro mugituz gero, baina gainera, kirol amateurra da hau, oso jende gutxik jarraitzen du, hemen bakarrik jarraitzen da. Itsutu egiten gara, eta arraunlari batek kirola ezin egitea nahi duen klubean, nahi duen pertsonekin, beste talde batek uzten ez diolako… Bale, legeak arrazoia ematen die, baina igual lege horrek eskatzen du kasu bakoitza aztertzea, arraunlariak pertsonak garela kontuan izatea. Etsigarria da. Geroz eta parafernalia handiagoa antolatzen da arraunaren munduan, baina gu, arraunlariok, duela hamabost urte bezala gaude, edo okerrago.
Horregatik guztiagatik utzi duzu. Erabakia iaz hartu zenuen, baina, hala ere, aurten arraun egitea erabaki zenuen.
Ez nuen horrela utzi nahi, sentsazio txarrarekin ez nuen bukatu nahi. Josemirekin [Elduaien, Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea] hitz egin nuen eta berak esan zidan lasai hartzeko, disfrutatzeko, urte hau beste modu batera hartzeko. Eta bost metro atzera egin dut, kanpotik bezala begiratu, dena erlatibizatu, eta gozatu dut, sekulako estropadak egin ditugu, bigarren egin dugun batzuk ere.
Zaleek baloratzen al dute hori? Bigarren, hirugarren, laugarren geratzea?
Bai, baina estropada hirugarren bukatu eta ‘bihar bai’ esaten dizute, eta zuk ‘bihar, zer? Gaur ere egin dugu’, eta beraiek ‘bai, baina bihar bandera’… Jendeak erraz hitz egiten du, eta TKEn hamabi traineru gara, eta guztira 60 ontzi, eta horien guztien artean, hiru edo lau onenetakoen artean Hondarribia dago, hori sekulakoa da, baina gaizki ohituak gaude, azken urteak oso onak izan direlako. Ematen du arrauna erraza dela, ez dela futbola bezalakoa, errazagoa dela irabaztea…
Nahikoa egiten dugu, badira batzuk ez dakidala nola egiten duten, etxetik goizeko zazpietan atera eta gaueko hamar eta erdietan itzuli. Neguan igual etxean entrenatzen dute, baina udaran… a zer panorama! Hori baloratu behar da.
27 urte ditu Julen Castrillonek, eta horietatik zortzi lehen traineruan eman ditu
Uztea erabaki zenuenetik izango zenuen zure ibilbidean pentsatzeko aukera. Zein da urte hauetan izan duzun oroitzapenik politena?
2010ean jende askok utzi zuen, eta 2011n talde berezia, arraroa, sortu zen. Gazteak, kanpotik bi edo hiru arraunlari etorri ziren, inork ez zuen ezer ematen guregatik, bigarren txandan ibiliko ginela esaten zuten denek, hori baino gehiago ez. Eta hirugarren geratu ginen, hiru bandera irabazita, Kontxan ere nahiko paper ona… Galiziako Moañan irabazi genuen lehenengo bandera izugarria izan zen, nik 20 urte nituen, eta eskifaiako hamar arraunlarirentzat lehen bandera zen, pasada bat izan zen. Oroitzapen politena hori dut.
Eta ahaztu nahiko zenukeena?
Dudarik gabe, galdu ditugun lagunena, Eñaut Labaien, Beñat Elzo… Beñatekin harremana nuen, berarekin egin dut arraun. Estropada hau edo beste hau baino gehiago, une pertsonal horiek izan dira txarrak, joan zaizkigun lagunenak.
Hasten ari diren neska-mutil askoren idoloetako bat izango zara zu. Zer esango zenieke haiei?
Sekreturik ez dagoela, eta helburuak konstantziarekin lortzen direla. Arrauna gustatu behar zaizu, gustura egon behar zara, hori gabe ez du merezi, oso kirol konprometitua delako. Oso argi eduki behar duzu hona etorri nahi duzula, bestela gaizki bukatuko duzu. Eta lasai hartu, estresik gabe, lehen urteak ikasteko dira, disfrutatzeko, lagunak egiteko. Pazientzia garrantzitsua da, pazientzia duenak eta entrenatzen duenak, horrek seguru lortuko duela.
Aurrerantzean zaleen artean bizituko ditu Castrillonek estropadak
«Banekien estropada bakoitza azkena zela, gozatzera joan naiz»
Korrika ikusi zaitugu, adibidez, Aiako Harria Mendi Maratoi Erdian. Kirola ez duzu utziko.
Aurten Mikeli [Orbañanos, entrenatzailea] esan nion azken urtea izango zela, eta mendi lasterketa pare bat egin nahi nituela, Aiako Harrikoa eta beste bat Katalunian. Baimena eman zidan eta oso eskertua nago. Ilusioa egiten zidan, eta horrek ere lagundu dit arraunean gusturago egoteko. Orain utzi dudala, pixka bat serioago hartuko dut korrika egitearena.
Lehiatzeko asmorik?
[Zalantzarik gabe] Bai.
Mendian?
Bai, asfaltoa gogorragoa egiten zait, eta aspergarriagoa ere. Ez dut inongo helbururik, nire kabuz entrenatzen hasiko naiz… Irungo Erlaitz elkartearekin federatu naiz, baina oraindik ez dut kontaktu handirik egin beraiekin. Saiatuko naiz, ea gomendioren bat ematen didaten.
Igual ez zaie gustatu zu trainerutik jaistea…
Esan didate, bai, ‘zu segi arraunean’. [Barre egin du] Baina beraiek beste maila batean daude. Ez dute beldurtu beharrik.
Egia al da Galiziako estropadetako lehen asteburuaren bueltan Perdido mendira igo zinela korrika?
[Burua jaitsiz, barrez] Hori konfidentziala da! [Jarraitu du] Joan nintzen bai, deskantsatzera. Udaran oporretan nago eta astelehenetan saiatzen nintzen Pirinioetara joaten, edo horrelako zerbait egiten. Eta bai, Perdidora joan nintzen, eta bronka txiki bat izan nuen.
Zenbat denbora da hori, igo eta jaitsi?
Zazpi-zortzi ordu. Gustura egin nuen eta hurrengo egunean ez nuen hanketan minik eduki. Disfrutatzera joan nintzen, ez nuen topera egin.
Hemendik aurrera korrika egin eta, korrikaz gain, azken urteetan egin ez dituzun beste gauza batzuk egiteko aukera izango duzu.
Bai, esan dudan bezala oporretara joateko, eta lanerako ere, ordutegia malguagoa da arrauna utzita. Lan bat eskaintzen badizute eta arraunean bazaude, edo arrauna utzi egiten duzu, edo lan hori baztertu behar duzu. Orain aukera asko zabaltzen dira, Sevillan ateratzen bazait lana, Sevillara joango naiz.
Bizitzaren erdia baino gehiago arraunean. Ez zaizu erraza izango uztea.
Hamabi urterekin hasi nintzen, Manexekin [Aldai], Galderrekin [Ezponda]… Hori baino lehenago Eskola Kirola egiten genuen, baina ordurako Osertzek [Aldai, Manexen anaia] 20 urtetik gora zituen, gure idoloa zen eta estropadetara joaten ginen bera animatzera. Horregatik, arraunean bukatu genuen ezinbestean.
Arraroa egingo zait, baina oso mentalizatua nago, urte hau horretarako zen, jabetzeko. Eta banekien estropada bakoitza azkena zela, Hondarribiko azkena, Zarauzko azkena, azkeneko Kontxa… Gozatzera joan naiz, eta kontent bukatu dut. Gauzak baloratu ditut, une bakoitza, espigoia jendez betea ikustea, igual ez dut hori berriro ikusiko…
Traineruan ez, baina beste aldean, zaleen artean ikusiko zaitugu?
Ahal dudan guztietara, aitarekin, amarekin, eta lagunekin… Ekipoko batek esaten zidan, ‘ez zara bakar batera joango, ikusiko!’, ‘nola ez naizela zuek ikustera joango?’, erantzun nion. Ezin badut ez naiz joango, baina aukera izanez gero, denetara.