Loiun jokatu du Hondarribia Eskubaloiak Euskal Ligako lehen jardunaldia, Amazsa Urdanetaren kontra.
Hasi da eskubaloiko Euskal Liga (Espainiako Bigarren Maila), eta Il Capo Hondarribia taldeak porrot batekin hasi du. Amazsa Urdanetarekin galdu zuten hondarribiarrek igande eguerdian, Loiun (Bizkaia).
Atsedenaldira berdinduta iritsi ziren bi taldeak (10-10), baina lehen zatian zehar etxekoek zenbait abantaila izan zituzten, lau golekoa handiena —7-3, 15. minutuan—. Azken bost minutuetan 1-3ko partzial bat egin zuten hondarribiarrek eta berdinketa ezarri zuten. Bigarren zatia orekatua hasi zen, baina Hondarribia Eskubaloia ez zen inoiz aurretik jarri. 40 minutuko 15-14ko emaitza eta gero, Urdaneta tartea zabaltzen hasi zen, bost goleko errenta lortu arte.
Urdanetako Jon Santos hondarribiarren borrero bilakatu zen, 11 gol sartu zituen; Il Capoko jokalarien artean, Eloy Etxaburu izan zen eraginkorrena, 5 golekin.
Hurrengo partida etxean jokatuko du Il Capo Hondarribiak. Igandean izango da, 12:00etan, Donibane Eskubaloiaren kontra.
Sailkapena
Datorren asteburuan etxean jokatuko dute hondarribiarrek, Donibaneren kontra