Bizikleta martxa erraldoiak itxi zuen Hondarribiko Mugikortasun Astea. Adin guztietako 240 txirrindulari elkartu ziren igande goizean.
Ia 250 bizikleta gehiago elkartu ziren igande goizeko martxan
240 bizikleta elkartu ziren igande goizean Hondarribiko Mugikortasun Astearen pertsiana ixteko Balazta plataformak deituriko bizikleta martxan. Erraldoia izan zen hiriko auzoak zeharkatu zituen karabana, eta txirringaren erabilera sustatzeko eta falta diren azpiegiturak aldarrikatzeko balio izan zuen.
Kote Guevara Balaztako kideak ez du zalantzarik, bizikleta zaleen plataformak balorazio “oso baikorra” egiten du udalarekin elkarlanean antolatutako jardunaldiez: “Jende asko hurbildu da antolatu dugun ekitaldi guztietara. Igandeko martxan 240 txirrindulari bildu ginen, larunbateko azokara ere jende asko hurbildu zen, giro polita sortuz; bizikleta salmenta animatua izan zen eta bike-trialeko gazteen abileziek jende ugari erakarri zuten Kai Zaharreko gunera”.
Bizikleta martxak eman zion bukaera asteari, eta indar erakustaldia izan zen, ia 250 txirrindulari elkartu baitziren. “Ez genuen espero hainbeste jende —onartu du—. Aspaldiko pertzepzioa dugu, gero eta jende gehiago bizikletan mugitzen dela, eta horren ondorio izan daiteke igandeko martxa “. Era berean, antolakuntzan aritu direnekin gogoratu da Balaztako ordezkaria: “Udaratik ordu asko sartu dira dena ondo ateratzeko, eta eskerrak eman nahi diegu udalari, DYAri, udaltzaingoari, eta Arretxe, Bizi on Bike eta Higer dendei eman diguten laguntzagatik”.
Mugikortasun Astea bukatuta, Balazta sortzearen arrazoiari helduko dio plataformak, hots, Hondarribian eta Irunen bizikletaz lan eta bizi nahi dutenek horretarako dituzten oztopoak murrizteko lan egitera. Guevarak adierazi duenez, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean ari dira, eta lehen urratsak gertu iristea espero du: “Lanean jarraitzen dugu eta urtea bukatu baino lehen lehenengo emaitzak ikustea espero dugu, Kopa eta Abarka tarteko bidegorria hain zuzen”. Arazo teknikoak eta administrazioaren berezko prozedura kontuan hartu behar direla deritzo, baina aitortu du “helburuak lortzeko abiadura ez del guk nahi genuena”.