Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, mendiko gune gotortuak bisitatuko dituzte Juan Antonio Saez historialariarekin.
Guadalupeko bunker bateko leihoa
Jaizkibel mendiko fortifikazioak ezagutzeko aukera paregabea izango da larunbatean, hilak 30, Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan, Jaizkibeleko gune gotortuetara bisita gidatua antolatu du. Juan Antonio Saez historialariak gidatuko du eta 11:00etan hasiko da paradore zaharreko aparkalekuan (
ikusi Google Maps-en). Ekitaldia doan da, baina ezinbestekoa da izena ematea;
posta elektronikoz edo telefonoz (943 64 46 23 zenbakira deituz) egin daiteke.
Guadalupeko gotorlekuko bisiten arduraduna da Saez eta, besteak beste,
Guadalupeko Gotorlekuan bizirik irauteko hiztegia idatzi du. Historian doktorea da eta gotorleku modernoetan aditua, Deustuko unibertsitatean irakasle bezala aritu da eta curriculum zabala du erakunde ezberdinetarako geografia, kartografia, historia eta ingurumenarekin zerikusia duten hainbat kurtso ematen edo zuzentzen.