Beste behin uzta eman du Psilocybe elkarteak, Velozet. Larunbatean gaztetatik jarraitzen duten Supersuckers talde mitikoarekin joko dute Psilocybenean.
Deabru berri baten jaiotza, hori da Velozet talde hondarribiarraren estreinako diskoa. Odei Barrondo (bateria), Xabier Calvo (gitarra), Miliko Velocet (gitarra, koruak), Xabi Perez Bull (baxua, koruak), eta Mikel Tife (ahotsa) dira taldeko kideak eta, bestelako estiloetatik ere edaten duten arren, batez ere rock and rolla eta stonerra egiteko elkartu dira: “Rock and rolla batez ere —zehaztu du Tife abeslariak—, punk rocka eta stoner pixka bat ere, baina rockaren barruan edozer”. Gaur (ostirala, hilak 15) aurkeztuko dute diskoa Lezon, eta bihar (larunbata) etxean joko dute, Psilocybenean, norekin eta Supersuckersekin.
Haien hitzetan, “infernutik ateratako soinua” da Velozeten ekarpena, eta infernuari lotutako erreferentzia ugari aurkitu daitezke Berako Mik estudioan grabatu duten Deabru berri baten jaiotza diskoko bederatzi abestien letretan. Zinematik hartu dituzte ideiak: “Kultuzko zinema eta B seriea gustatu izan zaigu betidanik, eta pelikula horietan ikus daitezkeen istorioez hitz egiten dugu”. Letra horiek, gitarra garratz, bateria bortitz eta ahots indartsuz jantzi dituzte euren estreinako lanean.
Lehen diskoa kaleratu dutenerako zaleak zain zituzten, are gehiago, lehenago espero zuten diskoa. Izan ere bada urtebete taldearen logodun itsasgarriak herriko (eta inguruetako) faroletan, zuhaitzetan, tabernetako komunetan, eta beste hainbat lekutan azaltzen hasi zirela, eta ikusmin handia eragin zuen horrek. Baina lasai hartu dute, eta horrek taldeari soinua definitzen lagundu diola onartu dute: “Rock zaleak gara, eta horrek elkartu gaitu taldean, baina taldekide berri bakoitzak bere ekarpena egin du, eta denen artean sortutako soinua da gelditu zaiguna”, adierazi du Milikok.
Egunotan diskoa aurkezten ari da Velozet. Elkarrekin ateratzen duten lehen lana da, baina ezin da esan eskarmenturik gabeko taldea denik. Tife, Luz de Putaseko frontmana izan da orain gutxi taldeak loaldia hasi duen arte; Bull, Inadaptats banda katalaneko kidea izan zen; Miliko, Blood Seekers bandarekin ibilitakoa; Barrondok, Tripimonstersen astindu izan ditu atabalak…
Mitoen teloneroDeabru berri baten jaiotza entzun nahi duenak Velozeten bandcamp orrian aurkituko du, debalde. Aldiz, CD formatuan nahiago duenak, taldearen zuzenekoetan izango du erosteko aukera.
Lehen kontzertua gaur bertan eskainiko dute Lezoko Txerrimuño baserrian, Santakrutz festen barruan. Eta larunbatean etxekoen aurrean estreinatuko dira Velozetekoak, Psilocybenea aretoan, 22:00etan. Eta, a zer nolako estreinaldia! Musika entzuten hasi zirenetik gertutik jarraitu duten banda baten ondoan arituko baitira, Supersuckers talde estatubatuar mitikoaren aurretik. “Aukera handi bat da guretzat Supersuckers bezalako talde batekin jotzea. Gainera, gaztetatik entzun dugun taldea da, eta guri asko eragin digun taldeetako bat”. Ametsa egi bihurtuko da Mendelu auzoko aretoan, deabru berriak deabru zaharrarekin eszenatokia konpartitzen duenean.
Arizonako taldea 1988tik ari da okerkeria zabaltzen, beren hitzetan “munduko rock and roll banda onena” bilakatzeraino. Lemmy Kilmister zenak honakoa bota zuen behin: “Ez badituzu Supersuckers maite, ez duzu rock and rolla maite”. Eta ez baduzu rock and rolla maite, ez duzu zertan larunbateko kontzertutik agertu. Bestela bai!
Gainezka omen dagoelako ezingo dute infernuan bertan egin, eta Psilocybenean azaleratuko dira Supersuckers eta Velozet. Gauza bat argi dago, emanaldi ezin beroagoa izango dela. Dagoeneko suhiltzaileak abisatuta daude, badaezpada.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.