Migel Zeberio: "Entzuleak igarri du erakarri duen zerbait, magia hori"
Et Incarnatus Orkestrak euskal pop-rock izarrak elkartu ditu Hondarribiko Bentan, hiriko jaien pertsiana ixteko propio prestaturiko emanaldi gogoangarrian.
Itzela izan zen Hondarribiko jaiei amaiera emateko Migel Zeberio tolosarrak zuzentzen duen Et Incarnatus orkestrak astelehen gauean Benta eremuan eskainitako kontzertua. Orkestrak hiriko jaietarako propio prestaturiko saioa izan zen, beste zenbait musikari apartez eta euskal pop-rock izarrez lagunduta. Niko Etxart, Petti, Izaro, Alex Sardui eta Gorka Sarriegi igo ziren taulara, eta euren kanta propioak eta euskal kantagintzako klasikoak abestu zituzten, hari taldearentzako moldatuak. Bentara hurbildu zirenek sekulako gozamena hartu zuen, abesti klasiko zein berriekin, baita musikariak abeslaririk gabe aritu zirenean ere. Zeberiok berak oso kontent bukatu zuen saioa: “Talde osoa, musikari, kantari zein teknikariek elkar hartuta ekin genion lanari eta giro ikaragarria sortu zen”. Emanaldia prestatzeko, sei konposatzaile hiru hilabetez aritu dira moldaketak egiten: Juantxo eta Xabier Zeberio, Manolo Espelet, Angel Unzu, Jose Antonio San Miguel eta Pablo Martin Caminero. “Lana fin egin dute —iritzi du tolosarrak—, hau da emanaldiko sekretuetako bat, aberastasun estilistiko, tinbriko eta joskeren mailetakoa”. Emaitza gogoangarria izan zen, entzulegoa txunditzeraino. “Entzuleak igarri du erakarri duen zerbait —gaineratu du—, magia hori, eszenatokian guztiok beti lortu nahiko genukeen hori”. Ez dadila hor bukatu Hondarribirako propio sortu zuten, baina “arrakastaren zurrunbiloa” baliatu nahi duela onartu du zuzendari tolosarrak: “Egindako lana kontutan harturik, naturala litzateke kontzertu hau beste tokietan egiteko eskariak jasotzea, baina tira, ikustear dago hori”. Momentuz data bakarra aurreratu daiteke, igande honetan bertan, 12:00etan Zarateko (Bedaio eta Azkarate artean— Azken Muga Jaialdian. Gainontzekoan, beste hamaika proiektu ditu buruan Zeberiok, “proiektuak soberan ditugu, aurrera eramateko aukerak dira faltan”. Asmo horien artean aurtengo udaberrian Mixel Etxekopar eta François Rosserekin batera grabaturiko Txoriei diskoa taulara eramateko nahia dago. “Txoriei zabaltzea ederra litzateke, onartu du zuzendari tolosarrak”.