Iragarrita zeuden 86 jarduerak ospatu dira. Horregatik, eta jende ugarik parte hartu duelako, balantze positiboa egin du Hondarribiko Udalak.
Kemen Dantza Taldearen saioa, Gipuzkoa plazan jarritako karpan
Kultura zinegotzi Kalisa Silanesek datu bat nabarmendu du jaien balorazioa egiterakoan, ez dela eraso sexistarik egon, eta prebentzioan egindako lana nabarmendu du: “Ez da erasorik izan eta, tristea dirudien arren, aipagarria da. Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuan aurretik lan ederra egin da, baita udaltzaingoan eta beste polizietan ere, eta horri gehituta gizarteak gero eta kontzientziazio handiagoa duela, aurrerapausoak ematen ari gara arazo larri horretan”.
Eguraldia dela-eta, haurrentzako haur parkea Jostaldin puztu dute aurten, eta hilaren 9, 10 eta 11ko Arma Plazako ikuskizunak Gipuzkoa plazara mugitu dituzte. “Gipuzkoa plazan karpa bat jartzeko apustua egin genuen, eta esango nuke asmatu egin dugula, hala esan digu gainera herritar askok”, jakinarazi du Silanesek. Eguraldiak baldintzatutako jaiak izan dira, baina zinegotzia gustura dago izan den parte hartzearekin: “Adin guztietako jendeak hartu du parte, umeek gurasoekin, gazteek, helduek, adinekoek…”
Ekitaldi zehatzei dagokionez, Alameda jatetxeko Txapartegi familiari urrezko intsignia jartzea,
Et Incarnatus Orkestraren hilaren 10eko emanaldia eta Arrantzale Egunean En Tol Sarmiento ska talde arabarrak eskainitako kontzertua aipatu ditu Kultura zinegotziak.
Langileei eskerrona
Jaietako balorazioa bukatzeko, jaietan zehar lanean aritu direnei eskerrona luzatu die Silanesek, “gehienek gozatzen duten bitartean beste jende asko buru-belarri aritzen baita lanean”. Horien artean, udaltzainak daude, irailaren 1etik 11ra —jaien aurreko asteburua ere aintzat hartuta—,hamabost atestatu egin dituztenak: Hamar lapurketa desberdinengatik, hiru automobiletan egindako kalteengatik eta bi edari alkoholdunen pean gidatzeagatik.