Ordu gutxi falta zaizkie Hondarribiko jaiei, baina a zer nolako orduak. Et Incarnatus Orkestrak itxiko du pertsiana, pop-rock izarren laguntzaz.
Nola ez, Hondarribiko tomate ezaguna presente egon da jaietako Baserritar Eguneko azokan
Azken urteetako eguraldi txarrenarekin, baina aurrera doa Baserritar Eguna, Hondarribiko Jaiak itxiko dituena. Aterkia eskutan jende dezente hurbildu da goizean Zumardia aldera, azokan erosketak egin eta bertsolarien saioa entzutera, besteak beste.
Arratsaldean segida izango du baserritarren azokak, idi-proba eta herri kirol saioa barne. Bitartean,
profesionalen pilota jaialdia egingo dute Jostaldin.
Alde Zaharra haurren gune bilakatuko da, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek
Zoro gaitezen ikuskizuna aurkeztuko dute (eguraldia txarrarekin, Gipuzkoa plazan), eta txokolatea banatuko dute gero.
Portuan euskal musikaz gozatzeko hainbat aukera izango dira. Batetik, erromeria Meakako Adixkideak taldearekin (18:00etan, Santiago kalean). Bestetik, kantu-jira, Kantaka elkartearen eskutik (19:00etan, San Pedron). Eta azkenik, Migel Zeberiok tolosarraren Et Incarnatus hari Orkestrak festetarako rpopio prestaturiko emanaldia, honako gonbidatuekin: Niko Etxart, Petti, Izaro, Gorka Sarriegi eta Alex Sardui (20:30ean, Bentan). Sekulako izar festa 2017ko jaien pertsiana ixteko.