Bihar goizean hasiko dira Hondarribiko Jaiak, haurren txupinazoarekin. Willis Drummond eta WAS taldeek joko dute kuadrillen afariaren ondoren.
Haurren Danborradako bigarren entsegua egin dute gaur Amuten
Haurren Danborradako bigarren entsegua izan dute gaur Amuten. Dagoeneko atabalak zorroztuta dituzte ostegunekoari begira. Gaurko saioan urduritasuna nabaria zen, eta ez da gutxiagorako. Hilaren 7an izango da jaietako hasiera ofiziala baina, Hondarribian, haurrek erabakitzen dute festa noiz hasten den, eta beraien txupina bihar botako dute, hilaren 6an.
Bihar lehertuko da festa Hondarribian. Kuadrillen afarien eguna da biharkoa, baina hori baino askoz gehiago azaltzen da egitarauan, haurren txupinazotik eta zezen puzgarrien entzierro arriskutsutik hasita: margo lehiaketak, mus txapelketa, bandaren emanaldi berezia, kuadrillen afariak… Lehen kontzertuak ere bihar izango dira, Willis Drummond eta We Are Standard (WAS) taldeek bero-bero jarriko dute Bentako eremua.
Sei festa egun dituzte aurretik hondarribiarrek. Sei aitzakia Hondarribia bisitatzeko bisitariek. Topikoa izanik ere, denetarik eta ia denentzako aukera dago bihar hasi eta hilaren 11ra arte (ikusi eguneroko egitaraua
Agenda atalean). Disfrutatu bada, bihartik bertatik, 2017ko Ama Guadalupekoaren omeneko festak.