Castrok 2006an ezarritako marka (18:59.94) hobetu zuten igandean bai Bermeok, bai Hondarribiak. Beste tandan, Orio ez zen urruti ibili.
Bou Bizkaia eta Ama Guadalupekoa, Kontxako historiako bi traineru azkarrenak lehiatuko dira igandean Donostiako uretan, inoizko bandera garestiena norentzat izango den zehazteko. Gizonen lehen jardunaldian estropadako marka hobetu zuten biek, eta Orio, hirugarren ontzi sailkatua, ez zen oso aparte ibili. Oriotarren alde esan behar da, gainera, lehen tandan bogatu zutela, beste bi oilarren erreferentziarik gabe.
Castrok 2006an ezarritako marka (18:59.94) hobetu zuten igandean bai Bermeok, bai Hondarribiak. 18 minutu, 53 segundo eta 52 ehunen behar izan zituen Bou Bizkaiak itsaso zabaleko balizaraino joan eta itzultzeko. Lau segundo geroago iritsi Hondarribia helmugara (18:57.80), ziabogaren ostean bizkaitarrek zuten aldea segundo pare batean murriztu eta gero.
Itsasoa bare zegoela, estropada ikaragarria egin zuten biek, lehen tandan zaleak aho zabalik utzi zituen oriotarrek egin zuten bezala. Bigarren jardunaldian elkarrekin bogatuko dute hirurek, Kaikurekin batera. Hamalau segundora daude sestaoarrak, gehiegi, baina ezusteko handiagoak ikusiak dira.
Lehen tandan, beste lau traineruak lehiatuko dira, Zierbena (28,26ra geratu zen), Tiran (30,42), Pasai Donibane-Koxtape (37,88), eta Donostiarra (38,96). Sanjuandarrek sailkapen probako postu berberarekin konformatu behar izan zuten, aurrekoetatik urruti, baina adi arrosen denborari, 19:31 izan baitzen zazpigarrenaren denbora. Ea bigarren jardunaldian ere gozatzeko aukera duten, Kontxarako sailkatu izana uretan dakiten bezala arraun eginez ospatu dezatela.
Onenetan onenak irabaziko du
Igandean erabakiko da 2017ko Kontxako estropada. Gizonei dagokionez, Bermeo da faborito, lau segundoko aldea baitu Hondarribiarekiko, eta ia hamar Oriorekin alderatuta. Bou Bizkaiaren alde daude apostuak, baina bai Hondarribiak bai Oriok urtean zehar erakutsi dute bermeotarren aurretik geratzeko eta kontra duten alde hori eta gehiago gainditzeko gai direla.
Faborito bat, beste bi hautagai, eta baldintza bat: aurten trapua herrira eraman nahi duenak, Kontxako historiako traineru onena izan beharko du.
Ama Guadalupekoak lau segundora du bandera. Irudian, ostegunean sailkatu eta gero