Emakume bertsolariek jaso dute aurten Jaizkibel konpainia parekideak 2015etik deitzen duen saria. Larunbatean egin zuten sari banaketa.
Sarituak, zapia lepoan dutela, Jaizkibel konpainiako ordezkariekin
Garai batekoek eta oraingoek, emakume bertsolariek jaso dute aurten Jaizkibel konpainia parekideak hirugarrenez deitu duen Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria. Larunbat arratsean egin zuten saria banatzeko ekitaldia Kultur Etxean, Jaizkibelen lehen entseguaren atsedenaldian.
2015ean deitu zuten lehen aldiz, “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak” aintzat hartzeko. Marian Emazabel konpainia parekideko kideak azaldu zuenez, “mende luzez gizonezkoen mundua izan den horretan berdintasuna txertatzeagatik” omendu ditu epaimahaiak emakume bertsolariak. Sarituen izenean, Erika Lagoma, Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Kristina Mardaras eta Maialen Lujanbio agertu ziren ekitaldira. Jaizkibel konpainiaren zapi bana jaso zuten, hori baita sariaren ikur sinbolikoa. Hoberen dakiten bezala, bertsotan eskertu zuten III. Berdintasunaren Hiria sarirako beraiekin akordatu izana.
Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak, Garbiñe Biurrun epaileak, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, Xabier Lapitz kazetariak eta Nieves Alza saskibaloi entrenatzaile ohiak osatu dute aurtengo epaimahaia. Rios eta Lapitz ezik, beste hirurak izan ziren sari banaketan.
Ordezkaritza zabala
Kultur Etxeko ekitaldira hainbat erakundeetako ordezkariak hurbildu ziren, Jaizkibel konpainiari sustengua emateko xedez. Besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa, Denis Itxaso Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatua, EH Bildu eta Ahal Duguko zenbait batzarkide, alderdi moreko senatari Josetxo Arrieta, eta Abotsanitz eta EH Bilduko udal taldeetako kideak hurbildu ziren Hondarribia Berdintasunaren Hiria Sariko hirugarren ekitaldiko sari banaketara.