Euriak Palmera Montero zentroko teilatua bota zuen atzo Irunen. Gaur, normaltasunera itzuli da zentroa.
Palmera Montero egoitzan kalteak eragin zituen atzo euriak
Atzoko, hilak 30, euriteak hainbat kalte eragin zituen Gipuzkoa osoan, tartean Irunen. Palmera Montero zentro zibikoa desalojatu behar izan zuten hainbat gelatako sabaia erori zelako. Gaur, normaltasunera bueltatu dela baieztatu dute.
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, orduko 30,5/m2 bildu ziren atzo arratsaldeko azken orduetan Irunen. Euri jasa, Palmera Montero espazio publikoaren tailatuan pilatu zen. Berezko kanalizazioa ez zen nahikoa izan ura bideratzeko eta ondorioz filtrazioak sortu ziren hainbat gelatan. Sabaietatik hainbat plaka erortzea ekarri zuen horrek. Arrazoi zehatzak ikertzen ari dira oraindik. Hogei pertsona inguru zeuden une horretan barruan eta arriskuaren aurrean kanpora irteteko agindua eman zuten suhiltzaile eta udaltzainek.
Gaur goizean udaleko ordezkariak, teknikariak eta enpresa eraikitzaileko ordezkariak hurbildu dira bertara kalteen balorazio bat egiteko. Eguerdian bertan, dena garbitu ostean, normaltasunera bueltatu da zentroa eta zerbitzu guztiak bere baitara itzuli dira. Bide batez, elkarteek bertan dituzten bulegoek ez dutela inongo kalterik izan adierazi dute eta sistema elektrikoak ere egoki funtzionatzen duela.
Era berean, euriak Irungo beste hainbat lekuetan ere kalteak eragin zituela adierazi dute. Artaleku kiroldegian, kasu, hemen ere filtrazioek eragindakoak. Baina normaltasunez jarraitu zituen jarduerak. Francisco de Gainza kalean ere zuhaitz bat erortzear zegoenaren abisua jaso zuen hainbat aldiz Udaltzaingoak. Besteak beste, trabatutako estoldak-zuloei, hautsitako arketei eta hainbat puntutako uholde txikiei egin behar izan zieten aurre irundarrek, baina ez zen ondorio larririk izan.