Larunbatean egingo da sari banaketa Kultur Etxean, 20:30ean, Jaizkibel konpainiak egingo duen lehen entseguaren atsedenaldian.
Iaz, Iruñeko herriak jaso zuen saria, eraso sexistei emandako erantzunagatik
Emakume bertsolariek jasoko dute aurten Jaizkibel konpainia parekidearen zapia, Hondarribia Berdintasunaren Hiria Sariko hirugarren ekitaldiko ikur sinbolikoa. Larunbatean egingo da sari banaketa Kultur Etxean, 20:30ean, Jaizkibelek egingo duen lehen entseguaren atsedenaldian.
Hirugarren ekitaldiko epaimahaiak emakume bertsolariei aitortza egin die, egun ohikoa den arren, garai batean ez baitzen batere arrunta bertso emanaldi publikoetan emakumeak aritzea bertsotan. “Saria emakume bertsolariei ematen zaie, aspaldikoei, duela gutxikoei eta oraingoei, mendetan gizonezkoen mundua izan den horretan berdintasuna txertatu dutelako”.
2015 urtean sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria, “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak” aitzat hartzeko. Urte hartan, Donostiako Kresala, Zumarragako Irrintzi eta Tolosako Udaberri taldeak saritu zituzten, “jaiaren mamia aldatu gabe eta erakundeen laguntzaz, emakumeen parte hartzea lortu duten taldeen izenean”. Eta iaz, Iruñeko herriari egin zioten aitortza, “festetan gertatutako sexu erasoei emandako erantzun sendo, zabal eta tinkoagatik”.
Berdintasunaren ikur
Jaizkibel konpainiak gogorarazi duenez, parekidetasunaren alde lan egiten dutenei onarpena egitea eta Alarde Egunean zabaltzen den irudia aldatzea bilatzen du Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariak: “Askorentzat Hondarribia plastiko beltzen hiria da, gure herriaren izena entzun eta horixe datorkie gogora. Hori aldatu nahi genuelako, Hondarribia emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren ikur bihurtu nahi genuelako antolatu genuen saria”.