Ama Guadalupekoa une bikainean iritsi da aste honetara. Aldaik HITZAri onartu dionez, azken urteetako arantzarik handiena da Kontxa.
Galiziatik itzuli berritan herritarren berotasuna jaso zuten Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariek bart gauean. Larunbatean Moañako Bandera irabazi izanagatik harrera egin zitzaien, ohi baino beranduago —22:30ean iritsi zen autobusa Hondarribira—, baina ehunka zale zituzten zain.
Puntu gehien pilatu dituen taldea izan arren, asteburua gazi-gozoa izan da Manex Aldai arraunlariaren ustez. Bandera irabazi eta Urdaibairen aldea murriztu dute berdeek, baina pena du Boiron bermeotarrak aurretik geratu zirelako. Nolanahi ere, Kontxara sasoi onean iritsi direla iritzi du, eta bandera lortzen “lehertu arte” saiatuko direla ziurtatu du, “etxera arrastaka ekarri behar bagaituzte ere”.
Aurreko asteetan minarekin ibili zara, hernia baten erruz. Zer moduz ibili zara asteburuan?
Oso ondo aurkitu naiz, aurreko astean ja sentsazio onak izan ditut eta gaurko [igandeko] estropadan ez dut inolako molestiarik sentitu.
Galiziatik lan bikaina eginda itzuli zarete. Bandera bat eta bigarren postu bat…
Asteburua oso ona izan den arren, pena izan da atzo Urdaibairi bi puntu kendu eta gero gaur beraiek guri bat kendu izana. Orain jada ez dago bakarrik gure esku Eusko Label Liga irabazi ahal izatea (
ikusi sailkapena), baina buru belarri saiatuko garen falta zaizkigun bi estropadetan.
Liga bukatzeko bi estropada, eta hiru puntuko aldea. Posible al da?
Esan bezala, jada ez dago gure esku liga irabaztea eta beste talderen bat tartean sartzea beharko dugu hori gertatu dadin. Hala ere guk argi dugu azken momenturaino borrokatuko dugula, bai bandera horiek lortzeko, baita liga irabazteko ere. Aukera matematikoak ditugun bitartean Urdaibairi gauzak ahalik eta gehien konplikatzen saiatuko gara.
Zer balantze egiten duzu orain artekoaz?
Aurtengo balantzea oso positiboa dela kontsideratzen dut. Azken urteetako joera mantentzea lortu dugu, gure trainerua oso lehiakorra dela erakutsiaz, eta hori meritu handiko gauza da.
Kontxari begira, nola zaudete?
Kontxara sasoi betean iristen gara eta oso bero gaude, estropadak duen garrantziaz gain, azken urteetako arantzarik handiena delako. Lehertu arte saiatuko gara bandera hori Hondarribira ekartzen, baita etxera arrastaka ekarri behar bagaituzte ere.
Nola planteatzen duzue aste hau?
Astea desberdina izango da aurreko asteetako estropaden dinamika aldatuko delako, estropada bat ostegunean eta beste bat igandean izanda. Hori kontutan edukita, entrenamenduak egoera horretara moldatuko ditugu, zita garrantzitsuetara ahalik eta hoberen iristeko.
Ehunka zale elkartu ziren Portuan, Moañako Bandera irabazi izana ospatzeko