Amuitz Outrigger Kluba kanoa hawaiiarra ezagutarazteko sortu zen iaz. Jaizkibel itsaslabarrean ezkutatzen diren eremuetara joateko aukera ematen hasi da.
Amuitz Outrigger Klubak urtebete egin du Hondarribian. Kanoa hawaiiarra ezagutarazteko sortu zen, eta Jaizkibel itsaslabarrean ezkutatzen diren eremuetara joateko aukera ematen hasi dira.
Amuitzen 3ko kanoa hawaiiarra, erdian, bi surf skien artean
Ez gaude han, baina hemen ere badira hango paisaiekin alderatu daitezkeen txokoak. Ez gaude Polinesian, baina ez da hain arraroa Txingudi badian kanoa hawaiiarrak ikustea. Urtebete egin berri du Amuitz Outrigger Klubak, duela 3.500 urte baino gehiagotik Polinesian erabiltzen dituzten piraguekin aritzen den Gipuzkoako elkarte bakarra.
Iazko Santiago Egunean sortu zuten Amuitz, baina kontua atzeragotik dator, Manex Martinez klubeko presidenteak lehen kanoa erosi zuenetik: “Garai batean arraun elkartean ibili nintzen, eta itsasoarekin berriro konektatzeko gogoa nuen. Ipar Euskal Herrian badira Polinesiako kanoetan ibiltzen direnak, eta haiekin egonda zaletasuna piztu zitzaidan”. Eta berea erosi zuen. “Tenerifera astebeteko bidaia egin nuen, kanoarekin ibiltzeko ikastaro batera. Hortik itzuli nintzenean argi nuen herrian aukera bazegoela zerbait egiteko”.
Eta bidaide bila hasi zen, eta itsasoko kayaketan (surf ski modalitatea) aritzen diren Jon Sagrado eta Mikel Amenabar piraguistekin elkartu zen. «Lehen aldiz Manex kanoa horrekin ikusi genuenean harritu ginen —kontatu du Jon Sagradok—, gustatu zitzaigun. Oso itxura desberdina du, baina finean itsasoko piragua da, gure surf skiak bezala”.
Hawaiiko kanoaren eta surf skien arteko desberdintasun handiena ama da, hawaiiarrak kanoari lotuta daraman patina: “Askoz estableagoa da, patinari esker itsasoarekin duzun konexioa handia da”. Bestela, itsasoko kanoak dira biak, hawaiiarrak patina du, besteak ez.
Kanoa hawaiiarra itsasoko kayaka eta surf skia baino askoz estableagoa da.
Ibilbideak 3ko edo 4ko kanoan
Amuitzen sorreraren atzean, kirol modalitate batekiko zaletasuna dago, baina filosofia bat ere, Martinezek adierazi duenez: “Gure inguruko naturaren defentsa, arrantza jasangarriarekiko errespetua, antzinako kulturak errespetatzea, herriko hizkuntza mantentzea, eta gure ohiturak gogora araztea”.
Eta filosofia hori konpartitu nahi dute, kanoa hawaiiarraren erabilera sustatzeaz gain. Eta ibilbideak eskaintzen hasi dira, «outriggerraren mundu hau ezagutarazteko eta gure bazter eder eta txoko politenak kanoarekin paseoan erakusteko» (informazioa
amuitzkluba Facebook orrialdean).
Berriki erosi dituzten hiruko eta lauko kanoekin Bidasoa ibaian gora igotzeko, Txingudi badian ibiltzeko, eta itsasora arrimatzeko aukera eskaintzen du Amuitzek. “Itsasora bai, baina kostaldera —zehaztu du elkarteko presidenteak—, badia inguruan eta itsaso sarreran. Gauza ez da jendea hartu eta itsasora eramatea, itsasoarekin kontuz ibili behar da, hori zaindu egin behar da”.
Bisitatzeko eskaintzen duten eremurik politena Amuitzeko txoko hori litzateke. “Espigoi artetik atera, eskuinean Hendaia, dunbak… —Amenabar ibilbidea irudikatzen hasi da— pixka bat ezkerrera arrimatzen zara eta Hondarribiko hondartza, kai berria, San Telmo gotorlekua, Asturiaga hondartza, eta Amuitz”.
Ez dago itsasora gehiago sartu beharrik, puntatik harago joan beharrik. Arrantzatik bueltan Jaizkibelgo itsaslabarreko arratseko koloreak ikusi dituenak, surf taularekin Amuitzeko olatu erraldoira igotzea lortu duenak, Asturiagako uretan bainatu denak, badaki ez dela urruti joan beharrik paradisuaz gozatzeko. Amuitzekoek behintzat argi dute: “Joango gara Hawaiira, eta Tahitira, ziur joango garela, baina bitartean hemen dugu gure euskal Hawaii”.
‘Ama’ patinak egiten du berezi Polinesiako kanoa
Iparraldean Hawaii, hego-mendebaldean Zeelanda Berria eta ekialdean Pazko uhartea dituen Polinesiako Hirukia deritzon eremuan dute jatorria hawaiiar eta polinesiar kanoek. Ikertu denez, K. a. 1.600 -1.200 urteetan eman zen Austronesiako migrazioan kanoa mota hau erabili zuten, ekialderantz Polinesiara eta Zeelanda Berrira iristeko, eta mendebaldetik Indiako ozeanoa zeharkatuz Madagaskarreko uharteraino.
Arrantzarako, ehizarako, bidaiatzeko eta beste jarduera batzuetarako erabiltzen dute oraindik outrigger kanoa Polinesian, eta bi mota daude, hawaiiarra (Amuitzek dituenak bezalakoak), eta polinesiarra. Hawaiiarrak lema du, oinekin mugitzen dena, eta polinesiarrak ez, erabiltzailea da lema. Baina batak zein besteak, balantzin itxurako patina du alboan, patin bat edo bi, uretara iraultzea galarazten duena.
Manex Martinez proba batean, Zumaian. berea zen kanoa hawaiiarra bakarra
Herrialde bakoitzean izen bat du Polinesiako outrigger kanoak. Hawaiien
wa’a esaten zaio, Tahitin eta Samoan
va’a, Zeelanda Berrian
waka ama edota
amatatia, eta Markesa uharteetan, Cook uhartean eta Rapa Nuin,
vaka. Herrialde horietan guztietan,
ama izena du kanoari lotuta doan patinak.
Hawaiiko aspaldiko honako esaldiak argi irudikatzen du outrigger kanoak Polinesiako biztanleentzat duen garrantzia:
He wa’a he moku, he moku he wa’a (kanoa gure uhartea da, eta uhartea gure kanoa da).
Itotzen zirenak salbatzeko sortu zuten surf skia
Amuitz Outrigger Kluba surf ski txapelketetan lehiatzen da. Aurten Munduko Serietako bi probetan ariko dira baina, lehia bezain beste edo gehiago, disfrutatzea dute helburu.
Itxuraz desberdinak dira kanoa hawaiiarra eta surf skia, baina Mikel Amenabarren arabera, “itsasoko nabigazioari eta filosofiari dagokionez, antza handia dute”. Nazioarteko txapelketetan elkarrekin aritzen dira, bakoitzak bere ordutegia du, bere sailkapena, baina proba berberetan lehiatzen dira kanoa hawaiiarra, surf skia eta stand up paddle (SUP) modalitateak.
Surf skia, itsasoko kanoaren kirol izendapena da. Ez da hemengo kayak tradizionala, Australian eta Hegoafrikan itsasoko salbamendurako erabiltzen ziren surf taulen eboluzioa da: “Jende asko hiltzen zen itsasoan, eta kanoa hau asmatu zuten itotzen ari zenarengana azkar iritsi, hartu eta lurrera eramateko”. Hala, kayakarekiko duen alde handiena zera da, elementu estankoa dela; horrek salbamendu lana azkartzen duela azaldu du Amenabarrek: “Gainean zoaz, ez barruan. Itsasora salto egiteko aukera duzu, eta berriro igotzeko, eta sartzen den ura, bakarrik ateratzen da piraguatik”.
Salbamendutik, lehiara
Helburu horrekin sortu zen surf skia. Gero lehiaketak hasi ziren, eta ontziak hobetu zituzten, egungoak bezalakoak sortuz. Duela urte eta erdi gutxi gorabehera hasi zen Amenabar itsasoko piraguan, bere kabuz, eta disfrutatzea du helburu. “Lehiatzen naiz, baina ez daukat lehia bakarrik buruan, alde ludikoak garrantzia handia du, asko disfrutatzen dut piraguan”.
Ion Sagrado eta Mikel Amenabar Amuitzeko kideak, Portugalen
Amuitz sortu zenetik, Ion Sagrado taldekidearekin joan izan da lehiatzera, “Euskal Herriko probetara, Santanderrera, Asturiasera… eta Portugalera”. Portugalgoa Munduko Serietako proba da, maila handikoa: “Lehiakortasuna askoz handiagoa da —nabarmendu du Sagradok—, eta oso interesgarria da horrelako probetara joatea, dagoen maila ezagutzeko, eta beste jende batekin harremanetan jartzeko”. Aurten Portugalen errepikatuko dute, eta Munduko Serietako beste proba batera joango dira Amuitzeko bi kideak.
Sagradok eskarmentu handiagoa du bai surf skian, baita txapelketetan ere. Lehenago ibaian ibiltzen zen Santiagotarrak elkarteko pistako taldearekin, baina gorputzak zerbait gehiago eskatzen zion: “Jarraitzen dut pistan ibiltzen, baina surf skiarekin beste zerbait sentitzen dut, itsasoan zoaz, olatuekin jolasean beti, askoz erakargarriagoa da, esfortzuarekin gehiago disfrutatzen duzu”.