Aurrekontuaren egoeraren txostena aztertu eta 2016koa onartzeko plenoa egingo dute bihar.
Aurrekontu-kontrola zorrozte aldera, hainbat neurri eskatu dizkio Hondarribiko PSE-EEk udal gobernuari. Aurrekontuaren egoeraren txostena aztertu eta 2016koa onartzeko plenoaren bezperan egin dute eskaera. Oposizioarekiko gardentasun handiagoa eskatu diote sozialistek EAJri.
Honako neurriak eskatu ditu PSE-EEk: obretan nahiz zerbitzuetan udalak ordaintzen dituen 3.000 eurotik gorako faktura guztien berri hilero ematea; udalean nahiz udal ordezkaritza duten erakundeetan egiten diren kontratazioei buruzko txostenak astero helaraztea, eta aurreikusten diren kontratazioen gaineko informazioa gutxienez 15 eguneko epearekin jakinaraztea.
Era berean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) jarraipena egingo lukeen batzorde bat martxan jartzea eskatu dute Hondarribiko sozialistek, “hirigintza batzordearen barruan egon litzatekeena, edo HAPOrako espezifikoa eratua”.
Ekaineko osoko bilkuraren une bat