Olagarro kultur elkarteak antolatzen du, presoei sostengua emateko. Laugarren urtez egingo dute Alde Zaharrean.
Udarako kultur eskaintza osatu, eta euskal presoei eta haien familiei sostengua eman. Bi helburu horiekin Hondarribiko XII. Sagardo Eguna egingo dute Gipuzkoa plazan hilaren 29an, larunbatez. Olagarro elkarteak antolatzen du eta 2014 urtean hasi ziren bertan egiten —aurretik Zumardian eta Portuan egin izan zuten—.
Dagoeneko egonkortu egin da Alde Zaharreko txoko ezagun horretan, eta urtetik urtera gora egiten du saltzen diren baso kopurua, baita pintxoena ere. 2015ean, orain bi urte, 600 edalontzi saldu zituzten eta aurten 900etik gora saltzea espero du Olagarro elkarteak. Pintxoei dagokionez, 2.500 inguru prestatuko dituzte.
Zazpi sagardo, txotx erara
Larunbatean, zazpi sagardo dastatzeko aukera izango da, 18:00etatik aurrera. Helburua bat edo beste izanda, sagardo festa batek sagardo ona behar du arrakasta lortzeko, eta larunbateko antolatzaileek hori aldez aurretik ziurtatu nahi izan dute. Berme handiko zazpi sagardo dastatuko dituzte Gipuzkoa plazan: Larregain, Zabala, Oialumezar, Bekoerrota, Lizeaga, Ola eta Petritegi; zerrendako azken hirurak Euskal Sagardoa zigilua dute.
Gainera, sagardo gehienak kupeletik zerbitzatuko dituztela nabarmendu dute antolatzaileek, txotx egiteko aukera izango dela, alegia.
Laugarrenez egingo dute Gipuzkoa plazan Sagardo Eguna