Kemen Dantza Taldearen harrobiko zaharrenak elkartrukea egiten ari dira Marboleny talde katalanarekin. Joan den astean Gironan egon ziren; honetan, katalanak etorri dira.
Adaxkako kideak, Hondarribia Dantzan jaialdiko igandean
Kemen Dantza Taldeko eta euren harrobia osatzen duten Adaxkako gaztetxoek Kataluniako
Marboleny taldearekin batera dantzatuko dute gaur Hondarribian eta bihar Irunen. Adaxka eta Les Presses (Girona, Herrialde Katalanak) herriko taldeen arteko elkartrukearen bigarren zatia da, orain bi aste Kataluniara bidaiatu baitzuten Bidasoko dantzariek.
Bigarren harremana da Kemen eta Les Presseseko dantzarien artean. Duela sei urte hasi zituen Kemenek gaztetxoen elkartrukeak, eta Les Presseseko taldearekin egin zuen lehenengoa. Berez, Irun eta Hondarribiko 4 eta 16 urteko 300 inguru dantzari biltzen dira Adaxka taldean, baina elkartrukeetan Adaxkako zaharrenek soilik hartzen dute parte, 15-16 urtekoek, hurrengo ikasturtean Kemenera salto egingo dutenak.
Guztira, hiru saioz osatzen da Euskal Herritik Herrialde Katalanetara dantzan elkartrukearen aste honetako egitaraua. Atzo egin zuten lehenengoa, Kemeneko (nagusiak) dantzariek Hondarribiko Portu auzoko Santa Maria Madalena plazan eginiko ikuskizuna.
Gaur gaztetxoen txanda izango da. 17:30ean hasita, Adaxka eta Marboleny taldeek kalejira egingo dute herrian zehar. Ondoren, dantza saioa burutuko dute Santa Maria Madalenan, Madalen karrikako festak hasteko 19:00etan botako duten txupinaren ondoren.
Elkartrukearen bigarren zatia bukatzeko,
Euskadi-Katalunia erromeria prestatu dute biharko, Irungo San Juan plazan egiteko. Kemeneko zein Marbolenyko musikariek jarriko dituzte doinuak, eta nahi duen orok izango du hemengo eta Herrialde Katalanetako plazako dantzetan trebatzeko aukera.
2011 urtetik aurrera
Irungo eta Hondarribiko herritarrek ondo baino hobeto ezagutzen dute Kemen Dantza Taldeak eta Adaxkako gaztetxoek urtean zehar egiten duten lana. Bi herrietako jaietako saioak, Euskal Inauteria (
ikusi aurtengo argazkiak), Hondarribia Dantzan (
galeria), Amaiako jaialdi ikusgarria (
galeria), ikasturte amaierako saioak… Udaran izanagatik, beste jarduera batzuek baino oihartzun gutxiago izaten du Adaxkako gaztetxoen elkartrukeak, 2011 urtetik egiten dutena. Baina dantza taldearen jardunean garrantzia handikoa da, antolakuntzan asko eskatzen dielako, eta harrobiko dantzariek kanpoko taldeekin duten lehen hartu-emana delako.
Seigarrenez egiten ari da Adaxka udarako elkartrukea eta, 2011n irekitako Marbolenyko dantzariekin errepikatuko dute aurten. Beste ziklo baten hasiera izan daiteke, eta ziklo baten bukaera Adaxkako zaharrenentzat. Orain arte dantzari txikiak izan dira, aurrerantzean, handiak.
Elkartrukearen bigarren zatia da. irudian, Adaxkako dantzariak, Katalunian.
Mikel Button: “Asmoa da jai giroa sortzea Euskal Herriko eta Kataluniako dantzekin”
Zergatik aukeratu duzue Marboleny taldea elkartrukerako?
Les Presses herrikoa da Marboleny, Garrotxa ingurukoa, Olot ondoan dagoen herria. Duela sei urte han egon ginen, 2011 urtean, azken urteetako elkartrukeekin hasi ginenean. Lehenengoa Les Pessesen egin genuen, aurten bueltatu gara hara, eta beraiek etorriko dira hona [elkarrizketa asteartean egin zen]. Zikloa berriro hasteko modua izan daiteke.
Ez da oporraldia, edo bai?
Zentzu batean bada, kanpora goaz, ondo pasatzera… baina Euskal Herriko ohitura dantzatuak kanpoan erakustera ere bagoaz, nolabait Euskal Herria ordezkatzera, edo saiatzera behintzat. Beste herrietan ezagutu dezaten hemen egiten duguna, batetik, eta kanpoan egiten dutena ezagutzera, bestetik, batez ere dantzen bidez beste ohiturak ezagutu, beren bizimodua, eta noski, lagunak egiteko ere, harreman oso estuak egiten direlako elkartrukeetan.
Aste honetan, hiru egunetan hiru saio izango dira. Antolaketari dagokionez, Hondarribia Dantzan jaialdiarekin alderatu daiteke?
Desberdina da, hasteko, dimentsioagatik. Hondarribia Dantzanek astebete hartzen du, baina ekintza zehatzak dira, ordutegi zehatz batekin, demagun zazpietatik bederatzietara, eta hori bukatuta hurrengo egunera arte ez dago ezer. Elkartrukeak duena da lau bat egunez, nahiz eta publikoari begira jarduera zehatzak izaten diren, 24 orduz egon behar garela haiekin, eta hori, lan karga aldetik, nabari da. Baina pozik egiten dugu.
Kemenek antolatu baina Adaxkarena da elkartrukea, ez?
Elkartrukea, bere horretan, Adaxkakoekin egiten dugu, harrobiko dantzariekin, harrobiko zaharrenekin. Batzuentzat ziklo bukaera da, Adaxka elkartruke batekin bukatu eta hortik Kemenera salto egiteko. Aurtengo berezitasun bat da Kemenen, helduon dantza saio bat sartu dugula egitarauan [atzokoa]. Beste urteetan, kanpotik etortzen zirenak penaz geratzen ziren, ez gintuztelako gu ikusten dantzan. Eta erabaki genuen saio bat, herriari irekita, baina batez ere beraientzat egitea, Marboleny taldeko dantzariei eskainia.
Gaur, Hondarribian ere, Adaxka eta Marbolenykoen txanda, kalejira lehenik, eta agerketa gero, Santa Maria Madalena plazan. Eta bihar Irunen, Euskal Herriko eta Kataluniako erromeria…
Guk erromeriak antolatzen ditugunean, musika jo eta dantzak azaltzen ditugu, eta nahi dituenak dantzatzen ditu. Guk hori egingo dugu gure zatian, eta haiek ere antzerako zerbait egingo dute haienean. Asmoa da denen artean jai giroa sortzea, Euskal Herriko eta Kataluniako plazako dantzekin, bakoitzak bere herrikoak azalduz, eta besteenak ikasiz eta dantzatuz.
Oporraldian egiten duzue elkartrukea eta abuztuan beste bidai bat duzue. Helburu berarekin?
Bai, Italiara goaz, Veneziatik iparraldera dagoen Blessano herrira, jaialdi batera. Kasu honetan Kemeneko kideak soilik, helduak, joango gara Italia aldera. Formatua desberdina da, gu kanpora goaz, gero ez dira etortzen Italiatik hona. Baina helburua berbera da, euskal kultura munduan zehar zabaltzea, gure eskualdeko izena ezagutaraztea, gure dantzak.
Kemen Dantza Taldearen saioa, iazko Hondarribiko jaietan
Nolako jaialdia da?
Jaialdi laburra da, abuztuaren 31tik irailaren 4ra egingo dute, hiruzpalau saio izango ditugu Blessanon eta inguruko herrietan, eta lehen aldiz, behintzat ni Kemeneko kide naizela, Euskal Herriko beste talde batekin elkartuko gara kanpoan, Burlatako dantza taldearekin. Beraz, haiekin harremana sortzeko aukera ona izango dugu.
Zuen musikariekin joango zarete Blessanora?
Bai, gu beti gure musikariekin joaten gara. Saio oso zehatzetan erabiltzen dugu musika grabatua; dantza agerketetan eta jaialdietan, beti musikariekin goaz.