Xabier Castrillonek ‘Zorionak Hondarribia!’ liburua idatzi du. 2003tik Ama Guadalupekoak lortutako garaipenak jaso nahi zituen, baina askoz gehiago egin du.
Xabier Castrillon ‘Kastri’
TKE ligan, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketan eta Kontxan Hondarribia Arraun Elkarteak lorturiko garaipenak, arraunlari bakoitza bere lekuan jarrita, arraunketa eremuetako estatistikak, izen handiko pertsonen sarrerak, arraun, kirol eta beste arloetako ehunetik gora hausnarketa… Hori guztia eta askoz gehiago bildu du Xabier Castrillon Kastri hondarribiarrak Zorionak Hondarribia. 2003-2016 bitarteko denboraldiak idazlan mardulean. Idazlan, bai, ez baita liburu, zenbait eskubide arazoak medio ezin izan baitu argitaratu.
Harrigarria da
Kastri-k egin duen lana, harrigarriagoa bere asmoa soilik arraunlariei oparitzeko zela kontuan izanik. «Hasierako asmoa zen zerbait egitea batez ere arraunlarientzat, gero lagunak sartzen dira, eta zuzendaritza, egindako lana eskertzeko». Ingurukoek saltzeko aukera planteatzen zioten arren, berak ez zuen horrela ikusten, «barrurako zerbait egitea nahi nuen, harago ez».
Saltzeko asmorik ez zuen arren, TKEko eta beste zenbait zenbait argazkilariekin harremanetan jarri zen, “estropada bakoitzeko argazki bat sartu nahi nuelako”, eta horrek gerora arazoak ekarri zizkion, eskubide arazoak. Hasieran dena ondo zihoala zirudien —75 aleko lehen edizio bat egin zuen, Hondarribia Arraunentzat 50 eta lagunei emateko beste 25—. “Arraunlari batzuek bi, hiru eskatu zituzten, eta beste batzuk gabe geratu ziren”. Horregatik, arraun elkarteak beste 50 eskatu zituen inprentan, eta egileak beste 12, “lagunentzat”, guztira 137 ale.
Liburua Gabonen aurretik egon izan balitz, “nahiz eta euskaraz bakarrik egon, ale batzuk salduko zirela uste dut —esan du Castrillonek—, batzuk galdetu didate ea non eros daitekeen”. Are gehiago, liburu denda batetik eskatu izan diotela onartu du. Horregatik, argazkiekin egon diren arazoak gaindituz gero, ez du baztertzen edizio berri bat egitea, “maketazio berriarekin, eta aurtengo denboraldiko datuak gehituta”.
2003tik, garaipenak
Materiala biltzen hasi zenean, 2015eko denboraldi paregabeari buruzko estatistikak biltzea zen: “Urte horren kronika osoa egitea, 25 estropada ofizialak, ligako 19an, Kontxako hirurak, eta hiru txapelketak”, baina laster konturatu zen urte horrek gehiago behar zuela: “Emaitzak ez ziren egun batetik bestera sortu, aurreko urteetan egindako lanaren uzta ziren, eta San Miguel Ligaren sorreratik hastea erabaki nuen”.
Eta atzera joan zen, baina noski, sekulako bilduma eragingo luke horrek, eta lana mugatzea erabaki zuen: “Urtero 25 estropada, datuak eta datuak, eta zera erabaki nuen, Hondarribiak irabazitako garaipenak bakarrik aintzat hartzea”, eta 2003tik 2016ra Ama Guadalupekoak ligan, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketetan eta Kontxan irabazitako estropadetako dokumentazioa bildu zuen, garaipen bakoitzeko fitxa bat, eta fitxa bakoitzean, lehen hiruren denborak, hondarribiarren eskifaia, arraunketa eremuaren datuak (luzera, historiako marka onena eta bigarren onena, eta abiadura), estropadako argazki bat, eta bizpahiru hausnarketa. “Hori izan da lan gehien eman didana, hausnarketak biltzea, mezua zuten testuak nahi zituelako, ez edozein adierazpen”.
Hala, arraun mundutik eta kirol mundutik harago batzuetan, “kiroletik kanpora arraunaren filosofiarako balio duten adierazpenak aurkitu ditut”, esaterako, Inma Shara orkestra zuzendariarena. “Asko daude, 90 pertsona ingururenak”.
Kontxako bitxikeriak
Gehiago direlako, gehiago dira ligako fitxak liburuan, baina Kontxari emandako zatia ere nabarmentzeko modukoa da: “Ligarekin garai modernoa hasten da —esan du idazleak—, baina Kontxak sekulako garrantzia du, nahitaez egon behar zen”. Eta ez da edonola ageri Kontxa
Kastri-ren lanean, bitxikerien bitartez Kontxaren historiari errepasoa egiten dio egileak: “Gauza desberdinak sartu nahi nituen, kirolaren edertasuna nabarmentzeko. Adibidez, Orioko arraunlari bat itsua zela, Ramon Uranga 1901etik 1915era estropada guztiak lehiatu zituen, eta itsua zen, istorio hori sekulakoa da”.
‘Zorionak Hondarribia! 2003-2016 denboraldiak’ liburuaren azala
«Urdaibaik potentzial fisikoa du, Hondarribiak heldutasuna»
Arraun zale amorratua da Xabier Castrillon. Horregatik, liburuaz hitz egiteko hitzordua probestu dugu Eusko Label eta Euskotren ligetan ari diren Oarso Bidasoko ontziei buruz galdetzeko.
Urdaibairen uberan hasi du Ama Guadalupekoak liga, hiru astebururen ondoren sailkapenean bigarren da, lau puntura, baina liga irabazteko hautagai dela uste du Kastri-k: «Konbentzituta nago joan den urtean baino aukera gehiago izango duela». Bou Bizkaiak «potentzial fisiko ikaragarria» erakutsi du Aresen eta Donostian, «baina beti ez du ondo erabiliko».
Hondarribiarrengan «heldutasuna» ikusten du, eta adibide bat jarri du: Aresen, estropada erdian Urdaibai bigarrena zen eta Hondarribia seigarren, baina helmugara hirugarren iritsi ziren berdeak. “Eta Urdaibaik irabazitako bi banderetan, 2,6 segundo bakarrik atera dizkio Ama Guadalupekoari”.
Eusko Label ligan ari diren bi talde pasaitarrei buruz galdetuta, bien arteko alde handirik ez dagoela deritzo. “Koxtape talde sendoa da, eta entrenatzaile ona dute, baina faboritoengandik oso urrun ikusten ditut”, esan du. Bigarren txandan egonkortuko dela uste du, “baina iazko laugarren postutik urrun samar geldituko da. Orion eta Aresen 11. eta 12. gelditu ziren, oso kezkagarria da hori”.
Badiaren beste ertzean, San Pedro uste baino hobeto ari da. “Liga hasi aurretik denboraldia ez jaisteko borrokan emango zuela uste nuen —dio hondarribiarrak—, baina estropada gehienetan 6.ak, 7.ak, 8.ak izan ondoren, uste dut talde langile honek bigarren txandan sartzeko eta, zergatik ez, egonkortzeko aukera handia daukala”.
Nesken lehia aurreikusi du
Emakumeetan, San Juan da orain arte banderetan jaun eta jabe, baina Hibaika dirudiena baino gertuago dagoela iritzi du Castrillonek. “Gipuzkoako ligako estropada guztiak eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi dituzte arrosek, baina Hibaika bere bidea egiten ari da, aldea murrizten. Ligako 4. estropadan 13 segundora sartu zen Hibaika, 5.ean 7ra, 6.ean 4ra, Gipuzkoako txapelketan 2ra, eta Euskotren ligako lehen bandera Hibaikak irabazi du”.
Oarsoaldeko nesken bi eskifaiak desberdinak direla nabarmendu du: “Batelerek potentzial fisiko gehiago daukate agian, baina Hibaika konfiantza askorekin sumatzen dut. Badakite Pasai Donibaneko taldearen parean daudela”. Aurrera begira, beste denboraldi bero bat espero du hondarribiarrak: “Hibaikak pixka bat hobetzen badu, hemendik aurrera lehia gero eta estuagoa ikusiko dugu”.