Antolatzaileek eta udalak "bikaina" hitza erabili dute hamabigarren ekitaldia baloratzeko. Lau egunetan ia 150.000 auto sartu dira Hondarribira.
Charlie Baty, Hondarribia Blues saria jaso ondorengo saioan
Bikaina, hala izan da Hondarribia Blues jaialdiaren antolakuntzaren arabera hamabigarren edizioa: “Bildu den jende kopuruak, oraingoan ere jende ugari izan baita programatutako ekitaldi guztietan, nola parte hartu duten taldeen eta bakarlarien kalitateak aurreko edizioak gainditu dituzte, eta aurtengoa bikaina izan dela besterik ezin da esan”. Lehen egunetik azkeneraino, agertoki guztiak gainezka egon dira, ostegun goizeko kontzertu pedagogikotik hasita —heldu den urtera begira, bi saio egitea aztertzen ari dira—, igande gaueko ja sesioraino.
Carlos Mallesek zuzentzen duen lantaldeak nabarmendu duenez, urrutitik iritsi dira bisitariak jaialdirako propio: “Hiria leporaino beterik Espainia Estatuko, Europako eta Ameriketako hiri askotatik etorritako bisitariez eta blues zaleez, Hondarribia Bluesek agenda guztiz betearekin egin zien aurre gainerako egunei, eta bluesaren erritmoa eta bluesarekiko karra zabaldu ziren Bentako agertokitik hasi, itsas bazterrean, eta San Pedro kale ederreraino eta Arma plaza ikusgarriraino”.
Ekitaldi guztiak doan eta herri barruan izatea dira Hondarribia Blues jaialdiko ezaugarrietako bi. Horrek, musikarien eta zaleen arteko harreman estua dakar, antolatzaileen nabarmendu dutenez: “Lau egunetan izan dira komunikazio uneak publikoaren eta artisten artean, herriko kaleetan nahiz agertokietan, inolako zalantzarik gabe, horixe baita lehiaketa honen nortasun ezaugarri nagusia. Une gorenetako bat larunbat gauean bizi izan zen David de Jorge sukaldariak
Hondarribia Blues 2017 saria eman zionean Charlie Baty gitarra jotzaile estatubatuar handiari.Argitu dutenez, Batyk ez du AEBtik kanpora ateratzeko ohiturarik, “Hondarribira propio etorri zen jaialdi honek nazioarte mailan lortu duen ospeak erakarrita”.
Kontzertuei dagokionez, Kenny Nealena, JW-Jones eta Charlie Batyrena, James Brown Original Bandarena edota Annika Chambersek eskainitakoa nabarmendu dituzte, baina zerrenda luzeagoa izan zitekeen, saio gehienak maila oso altukoak izan baitira.
Udalaren konpromisoa
Hondarribiko Udalak ere hitz bera erabili du aurtengo ekitaldia laburbiltzeko, “bikaina”. Maria Serrano Turismo zinegotziaren hitzetan, jaialdia asko handitu da eta antolakuntzak hori ondo kudeatzen du hori: “Dena oso ongi atera da eta hirian zehar onarpena oso ona izan dela iruditzen zait. Aurreko urteekin konparatuta, parte hartzea eta jendearen mugimendua oraindik eta handiagoa izan da”.
Serranok eskerrak eman dizkie Hondarribia Blues Festival antolatzen lagundu duten erakunde eta bestelakoei, eta “jaialdiaren alde duen konpromisoa” berretsi nahi izan du: “Blues Jaialdiaren aurrekontua 358.000 eurokoa da, oso zati handienean Hondarribiko Udalak ordaintzen duena. Gure konpromisoaren adibide argia dela uste dut”.
Ia 150.000 auto
Hondarribiko Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 146.660 ibilgailu sartu ziren Hondarribian blues jaialdiak iraun bitartean, aurreko urtean baino %62 gehiago. Herriko bi sarrera nagusietan jarritako neurgailuetan hartutako datuak dira horiek. Zehatzago, ostegunean 35.003 ibilgailu sartu ziren, ostiralean 40.240, larunbatean 36.246 eta igandean 35.171.
Turismo zinegotziak zehaztu duenez, datu horiek ez dira blues jaialdiari buruzkoak bakarrik, Ezin dugu esan guztiak Bluesaldira etorri direla, ez litzateke zuzena izango. Horren barruan daude Bluesaldira, hondartzara, Hondarribiaz gozatzera… etorri direnak, edo sartu eta ateratzen diren hondarribiarrak”.
XII. ekitaldia, irudietan