1638ko setioaren ondarea zabaldu eta haren inguruan antolatzen diren ekintzak ezagutarazteko jardunaldia egingo dute hilaren 30ean.
Lehen aldiz egingo dute Alardearekin Bat izeneko jardunaldia
Hondarribiko Alardea eta urtean zehar bere inguruan antolatzen diren gainontzeko ekintzak balorean jartzeko, Alardearekin Bat jardunaldia antolatzen ari dira hilaren 30erako. Alarde Fundazioa dago horren atzetik, eta Iñaki Sagarzazu burgumaisuak azaldu duenez, “aisia, kultura eta jai-giroko ekitaldiz beteriko eguna izango da, 1638 urteko setioaren ondarea zabaldu, eta haren inguruan urtean zehar antolatzen diren ekintzak ezagutarazteko, irailaren 8ko Alardeaz harago”.
Jardunaldiak, alarde tradizionalaren antolakuntza finantzatzen laguntzeko ere baliatuko dute, hau da, Irunen azken urteetan egiten ari diren Alardealdiaren gisako ekitaldia izango da.
Sinbolikotik asko izango du Alardearekin Bat ekitaldiak. Esaterako, goizeko egitarauak Gernikako arbola eta Guadalupe lotuko dituen ibilbidea izango du oinarri, eta ibilbidearen hasiera, 08:55an izango da Gernikako arbolan, irailaren 8ko alarde tradizionalaren desfilea abiatzen den leku eta ordu berean. Ibilbidean zehar hiru gune ezarriko dituzte, Arma Plazan bat, Bottika baserri inguruan bestea, eta Guadalupen hirugarrena, ekitaldi gehien bilduko dituena.
Eguerdian bazkaria egingo dute Soroetan —400 lagunentzako tokia dago—, eta arratsaldean haurrentzako hainbat ekitaldi prestatuko dituzte Arrantzale Auzoan.