Arzoari irtenbidea ematea udalaren erantzukizuna dela deritzo, eta kudeaketa publiko eta gardena bermatuko lukeen ereduaren alde agertu da.
EH Bilduk Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolaren gaineko proposamen bat egin du. Koalizioaren ustez, erakundeak bizi duen egoera konpontzea “udalaren erantzukizuna” da, berak babestu beharko luke eta kudeaketan parte hartu, publikotasuna eta gardentasuna bermatze aldera.
EH Bilduk gogorarazi duenez, indarrean den 2006ko Legeak aukera ematen dio udalari musika eskolaren kudeaketa bere gain hartzeko, eta zehaztu du, “honek ez du esan nahi, antolaketa-egitura modu bakarra udalak sortu, antolatu eta kudeatutako Udal Musika eta Dantza Eskola denik, eta bertako irakasleek udal funtzionario izan behar dutenik. Legeak beste bide batzuk ere ahalbidetzen ditu, gure iritziz egokiagoak direnak”
Haien iritziz, hezkuntza erakundeak “berezko nortasun juridikoa” eduki beharko luke, eta bere gobernu organoetan udalak, irakasleak, ikasleak, teknikariak eta gurasoak ordezkatuta egon beharko lirateke: “Bide hau hartu ezkero, gure kudeaketa eta antolaketa propioa eratu beharko genuke, eragile guztien parte-hartzea eta kudeaketaren gardentasuna bermatuta”.
Horregatik, irakasle, talde politiko, ikasle, teknikari, guraso eta nahi duen guztiarekin eztabaida sortzea eskatu du Hondarribiko EH Bilduk, “2018/19 kurtsorako denok merezi dugun Musika eta Dantza Eskola izan dezagun Hondarribian”.
Musika eskolaren aldeko kartelak, langileek maiatzean deituriko protestetan