Mariñel legazketaria hor dirauen bitartean Enrike Lekuona betirako presente izango da herritarren oroimenean.
Hondarribiko legazketariak arrantzan akuarela ikusi nuenean sekulako zirrara eragin zidan. Gaitasun hori daukate Enrike Lekuonaren margoek, eta Hondarribia-Katsikasen zozketarako dohaintzan eman zuenak izugarrizko indarra zuen. Bihotzetik bihotzera iristen maisua zen, errealitatea dena baino are ederragoa margotzeko trebea.
Afizioz zen margolari, ofizioz itsas ingeniaria, eta ez edonolakoa. 43 urtez aritu zen itsas-ontziak diseinatzen, eta barkuen eraikuntzan garrantzia handiko hainbat aurrerakuntza zor zaizkio. Hamar urterekin esan omen zion aitari ‘handitan barkuak eraiki nahi ditut’, eta agindutakoa bete ez ezik, oso urruti iritsi zen zeregin horretan.
Saiatzen zen guztian arima jartzen zuen, lanean, eta lanetik kanpora, udalean —zinegotzia izan zen 1979tik 1987ra—, euskalgintzan, Olagarro abesbatzan, Hondaen, Aranzadin, Albaolan, Arkeolanen, Sustraia elkartean… eta
Mariñel ontzian.
Itsasoarekin maiteminduta zegoen, itsasoarekin, eta gizakiak itsasoarekin duen harremanarekin. Ez zuen arrantza-ontzirik gabeko Hondarribiarik imajinatzen eta, Sustraiako gainontzeko kideen laguntzarekin, ez zuen etsi galbidean zen egurrezko azken arrantza-ontzia bere lekura itzuli arte.
Asteazkenean hil zen, bi aste lehenago
Mariñel barkuan lanean ari zela istripua edukita. Bost urtez arrantza-ontzia zaharberritzen aritu dira Sustraiakoak, eta bisitarientzako prestatzen ari zirela kolpe latza hartu zuten. Kai zaharrean behinbetirakotu dute egurrezko legazketaria, eta
Mariñel ontziak hor dirauen bitartean Enrike Lekuona betirako presente izango da herritarren oroimenean.