Euskal Herriko Gazte Orkestrak Hondarribian abiatuko du udako kontzertuen bira. Korsakoven eta eta Bernsteinen obrak interpretatuko dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan eta Hondarribian joko du EGOk
Datorren asteartean hasiko da Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) udarako kontzertuen bira, eta Hondarribian hasiko da, Itsas Etxea Auditoriumean. Aurreko urteetan bezala, lau kontzertu emango ditu EGOk udaran, EAEko hiru hiriburuetan bana, eta Hondarribian beste bat.
Juan Jose Oconen zuzendaritzapean, Nikolai Rimski-Korsavov errusiarraren
Scheherezade eta Leonard Bernstein estatubatuarraren
West Side Story-ko dantza sinfonikoak interpretatuko dituzte aurten.
Hondarribian hasiko da bira, asteartean (hilak 18), 20:00etan. Sarrerak dagoeneko eros daitezke Arma Plazako turismo bulegoan, eta
Interneten (komisioa ordainduta); prezioa 12 eurokoa da, 5 eurokoa 18 urtetik beherakoentzat. Asteartean Itsas Etxeko leihatilan jarriko dituzte azken txartelak salgai, arratsaldeko seietan.
Itsas Etxeko emanaldiaren ondoren, Donostiako Viktoria Eugenia (asteazkenean), Bilboko Euskalduna Jauregia (ostegunean), eta Gasteizko Principal Antzokia (ostiralean) bisitatuko ditu Euskal Herriko Gazte Orkestrak.
20 urteko ibilbidea
Dagoeneko hogei urte igaro dira Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa sortu zenetik. Bi hamarkadetan musika sinfoniko eta ganbera-musikako 150 kontzertu baino gehiago eskaini ditu EGO orkestrak, nazioarteko biretan hainbat herrialde bisitatu ditu, 120.000 ikus-entzule baino gehiago izan ditu, eta 1.200 ikasle baino gehiagok izan dute EGOn jotzeko aukera.
Fundazioak gogorarazi duenez, euskal gazte instrumentistek orkestra formazioa jasotzeko baliabidea izatea bilatzen du EGOk: “Helburua orkestra-prestakuntza ona ematea eta instrumentista gazteen alderdi artistikoa eta giza esparrua sustatzeko egitura sendoa izatea da, eta aldi berean zubi izatea, maila artistiko handiko zubia, mundu profesionalera iristeko”.