Oiasso museoak eta udalak 8.ez antolatu dute Dies Oiassonis. Isis jainkosaren prozesioa da ekitaldi nagusia, baina dozenaka jarduera prestatu dituzte.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Zenturioiak, apaizak, gladiadoreak, merkatariak, legionarioak, hiritarrak, esklaboak… Denetarik ikusi ahal izango da gaurtik igandera Irunen, Oiasso Erromatar Museoak eta udalak zortzigarrenez antolatutako Dies Oiassonis jaialdian. Duela 2.000 urte, erromatar garaian bertan bizi zen jendearen bizitza azaltzea da helburua, eta urtean zehar museoak antolatzen dituen jardueretara hurbiltzen ez den jendea erakartzea. Zirkua salbu —San Juan plazan egingo dute—, gainontzeko ekitaldi guztiak museoaren inguruan egingo dituzte.
Udalaren laguntzaz bada ere, Oiasso museoko langileek antolatzen dute Dies Oiassonis. Mari Jose Noain arkeologo eta museoko jarduera arduradunak azaldu duenez, “museotik sortuta, ondare arkeologikoaren zabalpena errazagoa izaten da. Udalaren parte hartzea guretzat ezinbestekoa da, baina gu ikuspuntu zientifikoa eta serioa mantentzen saiatzen gara, nahiz eta ikuskizun eta jarduera askotan dibertsioa ere bilatzen dugun. Beste modu bat da erromatar iraganera hurbiltzeko”.
Orain zortzi urte antolatu zuten lehen aldiz, Tarragonako (Katalunia) Tarraco Viva jardunaldiak eredu gisa hartuz. Ordutik asko handitu dira Irungo jardunaldi erromatarrak, eta meritu handia du horrek, kontuan izanik ekintza arrakastatsuenak ez errepikatzen saiatzen direla. “Publiko berria nahi dugu, baina Irun, Hondarribia, Oiartzun eta inguruko publikoak errepikatzea ere nahi dugu, eta horretarako gauza berriak eskaini behar zaizkie”. Aurten, esaterako, kanpamentu militarra jarriko duen Asturiasko Kerberos taldea eta Leongo Legio VI. Victrix legionario taldea gonbidatu dituzte: “Legioa, artisauak, erreprodukzio arkeologikoa, tailerrak, dendak… museo parean egongo den ia guztia berria izango da”.
Ekintza propioa, prozesioa
Berritasun asko, baina urtetik urtera errepikatzen den ekitaldirik ere bada, eta horien artean nabarmenena Isis jainkosaren prozesioa da, larunbat arratsean egingo duten Navigium Isis. “Jaialdi bakoitzak bere jarduera egin behar du —azaldu du Noainek—, eta besteek egindakoekin osatu. Gure jarduera Navigium Isis da, Isis jainkosaren prozesioa”. Oiasso museoko jarduera arduradunak onartu duenez,herritarren laguntzarik gabe ezingo litzateke antolatu: “Asko inplikatzen dira, bileretara etortzen dira, pila bat entseatzen dute”.
Ia 250 lagunek parte hartuko dute Navigium Isis ekitaldian, “bakoitzari jantzia prestatzen diogu, eta bakoitzak bere lana du prozesioan”.
Jatorriz, Egiptokoa zen Isis jainkosa, baina Erromako garaian kostaldeko urbe askotan harenganako zaletasuna zuten, eta itsas nabigazio denboraldia hasi aurretik eskaintzak egiten zizkioten. Prozesioa, Apuleio idazlearen obra bati jarraituz egituratu dutela kontatu du Noainek: “
Urrezko astoa liburuan egileak oso ondo azaltzen du prozesioa nolakoa den, leku bakoitzean nor agertzen den; Apuleiok azaldutako ereduaren erreplika egiten dugu”.
Antzezkizunak, ikuskizunak, tailerrak, dastaketak, jokoak, berreraikitze historikoak… Errepikatzen duenak badaki nora jo, baina Noainek ulertzen du lehen aldiz etortzen denak, aurretik jakin behar duela zer bilatzen duen: “
Programa deskarga dezala, eta ondo irakurri. Publiko guztientzat, adin guztientzat, denentzat daude ekitaldiak, arkeologia adituentzat, ez direnentzat, haurrentzat… Ordu guztietan dago publiko guztientzat zerbait. Lasai azter dezala zer interesatzen zaion, etorri aurretik”.
Egitaraua
Ostirala
- 17:00-20:30. Berreraikitzeak, azoka, tailerrak, jokoak…
- 19:00. Taller vinum.
- 19:00. Hitzaldia: La Odisea: eszenatoki benetakoak ala mitologikoak.
- 20:00. Zirkua, San Juan plazan.
- 21:00. Erromatar afaria.
- 22:30. Antzerkia: La Odisea.
Larunbata
- 11:00-14:30 eta 17:00-20:30. Berreraikitzeak, azoka, tailerrak, jokoak eta eskulanak.
- 11:30-14:00. Legio VI Victrix erakustaldia.
- 12:00. Zirkua, San Juan plazan.
- 13:00. Sagardo dastaketa.
- 13:30. Malus cotonus ikuskizuna.
- 17:00. Izozkigintza erromatarra.
- 17:30-19:30. Legio Vi Victrix desfilea.
- 18:00. Zirkua, San Juan plazan.
- 20:00. Navigium Isis, Isis jainkosaren omeneko prozesioa.
- 21:30. Convivium.
Igandea
- 11:00-14:30. Berreraikitzeak, azoka, tailerrak, jokoak eta eskulanak.
- 11:30. Mater Dei ikuskizuna.
- 11:30-14:00. Legio Vi Victrix erakustaldia.
- 12:00. Zirkua, San Juan plazan.
- 12:00. Tailerra: ogi erromatarra.
- 13:30. Malus cotonus ikuskizuna.
- 13:00. Miles gloriosus, antzerkia.
- 18:00. Zirkua, San Juan plazan.
Egitaraua zehatzago ikusteko (artisauen zerrenda, tailerrena, ekitaldien azalpena…), eta tailerretan izena emateko, bisitatu
Oiasso Erromatar Meseoaren webgunea.