Javier Mina eta Javier Balda iruindarrek diseinatu dute blues jaialdiko aurtengo kartela. Blind Lemon Henry Jefferson musikariaren omenez sortutako lana da.
Aurtengo ekitaldiko kartela, eta Henry Jeffersonen irudi ezaguna
Jaialdia iragartzeko kartela, bigarren urtez jarraian, Hondarribiko Udalak antolatutako lehiaketa publiko baten bidez aukeratu dute aurten ere. Guztira, 31 lan aurkeztu dira lehiaketara eta saria
Blue Bluesman izenburukoak eraman du, Iruñeko Javier Minak eta Javier Baldak diseinatua.
Blind Lemon Henry Jefferson musikariaren omenez sortutako lana da. Jaiotzez itsua, rural blues-aren abeslari eta gitarra jotzaile handia izan zen Jefferson, 1920. hamarkadako bluesman-ik ezagunenetakoa. “Kartelak ez du inor epel utzi —esan du Carlos Malles jaialdiko zuzendariak—. Jendeak oso gustuko du, edo ez zaio bat ere gustatu. Ez dago erdibiderik”, adierazi du Mallesek gaiaz galdetuta. “Oro har, esango nuke, blues munduko jendeari gustatu zaiola gehien, erretratu oso ospetsu batean oinarrituta dagoelako”, gaineratu du.
Izan ere, Blind Lemon Jefferson bluesman-aren erretratu oso ezagun batean oinarrituta dago kartela, adituek diotenez, ziurrenik Robert Johnsonen erretratuarekin batera, bluesaren historiaren irudi klasikoenetako bat. Horrez gain, estilo piktoriko oso zehatz bati lotuta dago lana. Mallesek azaldu duenez, Memphis hiriari eta Mississippiko estatuari berezkoa zaien korronte piktoriko nagusiaren ikuspuntutik sortu dute. “Niri gustatzen zait. Koherentzia du lanak, baina uler dezaket mundu hortatik kanpoko jendeak gustuko ez izatea”.