Proiektua jaurlaritzarekin eta aldundiarekin berraztertzea eskatu du Iosu Alvarezek. Ingurumenari eta tokiko merkataritzari kalte egingo diola uste du.
Jaizkibel eta Aiako Harriko korridore ekologikoan dago Zaldunborda
Hondarribiko PSE-EEk Zaldunbordako outlet herrixka eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko eta konkurtsoa bete gabe uzteko eskatu du, eta beste aukera bat aztertzeko Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Iosu Alvarez bozeramaileak adierazi duenez, “proiektu honek ingurumenean eta tokiko ekonomian dituen eraginengatik, aurkako jarrera besterik ezin dugu eduki”.
Zaldunbordako esleipenaren bozketan sozialistak abstenitu egin ziren, oposizioko gainontzeko alderdiek kontra bozkatu, eta EAJren botoekin soilik onartu zen esleipena. Alvarezen erantsi duenez, Irungo Udaleko alderdi guztiek aho batez eskatu zioten Hondarribikoari, proiektua bertan behera uzteko, eta berriki Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak zalantzak agertu dituela Zaldunbordaren inguruan: “Sailburuak proiektua zalantzan jarri du, bere azalerak eta kokapenak gertuko merkataritza tradizionalaren eta tamaina handiko garapen komertzialen arteko oreka puskatzen dutela dirudiela esan du orain gutxi sailburuak”.
Alvarezen arabera, herrian lur industrialaren eskasia dago, “plan orokorraren arabera 10 hektarea, horietako sei Zaldunbordan, baina outlet handi bat ez da lur horri eman diezaiokegun erabilera onena, lur hori ekintzaile, jarduera berritzaile, goraka ari diren arloei, sorkuntza-jarduerei eskaini behar zaie”. Bere ustez, tokiko merkatariengan erakin handia izango luke Zaldunbordak: “Tokiko merkataritza erakargarri, ikusgarri eta nortasunezkoa bultzatu behar dugu, ezin dugu horri bizkarra eman eta ditugu merkataritza azalera handiak bultzatu, aberastasuna ezin da enpresa handi gutxi batzuen eskuetan bakarrik egon.
Horregatik guztiagatik, “konkurtsoa hutsik geratzea” eskatu du Hondarribiko PSE-EEk, eta proiektua “berriro diseinatzea, jaurlaritzarekin eta aldundiarekin elkarlanean”.