Paxkal Elgartek Getxo eta Baiona lotu nahi ditu igerian, euskal presoekiko elkartasuna adierazteko. Gaur Donostia eta Hondarribia arteko zatia osatu du.
Paxkal Elgart, Hondarribiko kai berrian, presoen aldeko zeharkaldiko bosgarren etapa bukatuta
Getxotik Baionaraino igerian. Hori da Paxkal Elgart amikuztarrak (Nafarroa Beherea) abian duen Ekimena. 180 kilometro, zazpi etapatan, euskal presoekiko elkartasuna adierazteko eta presoen aldeko elkartasun taldeentzat dirua biltzeko.
Egunero 20 eta 30 kilometro artean egiten ditu igerian, neopreno baten babes soilarekin, hegatsik gabe. Gaur Donostia eta Hondarribia arteko ibilbidea egin du, zatirik handiena korrontearen kontra izanagatik oso gogorra egin zaiona. Bihar Hondarribitik atera eta Miarritzera zuzenduko da. Etzi, ostiralarekin, bukatuko du ibilbidea, Baionan.
Hondarribiko kai berrian berrogei lagun inguru zituen zain, presoen aldeko banderolekin. Agur beroa jaso du, aurreko egunetan Bakion, Lekeition, Zumaian, eta Donostian jasotakoen parekoa. Uretatik atera eta arnasari buelta eman dionean, indarra barrutik ateratzen duela aitortu du, hogei urte zeramala ideia honekin bueltaka, eta hiri baten punta edo herri baten itsasargia ikusten duen aldiro euskal presoen zigorra zein gogorra den izaten duela gogoan: “Nahi nuen modu xume batean, kirolaren bitartez, ohoretu, eskertu eta zigorra ere partekatu”.