Sarea mugitzeak are eta ikusgarriagoa egingo du udarako Jostaldiko jaialdiak. Ostiralean hasiko da denboraldia, eta gastronomia ez da faltako.
Hondarribiko zesta eskolako puntisten ordezkaritza bat egon da aurkezpenean
Ostiralean hasiko da udarako zesta denboraldia Hondarribiko Jostaldi frontoian. Aurreko urteetako formulari jarraituta egingo du, uztaila, abuztua eta iraila hasieran kirola eta gastronomia uztartuz. Gaur aurkeztu dute udaletxean eta bertan izan dira Kalixa Silanes kirol zinegotzia, Yoni Amboage Hondarribiko Pilota Eskolako zesta ataleko arduraduna, eta Mikel Egiguren donostiarra, puntista profesionala eta eskolako irakaslea. Haien atzean, Hondarribian urtean zehar zesta puntan ari diren ikasleetako batzuk.
Egigurenek nabarmendu duenez, ostiral arratsetan Jostaldira hurbiltzen denak “puntista onenak ikusteko aukera izango du”, besteak beste, Eric Irastorza, Aritz Erkiaga, Euskal Herrira itzuli den Imanol Lopez, Xabi Inza hendaiarra, edo Egiguren bera, 2014ko banakako munduko txapelduna geratu zena. Jaialdi bakoitzean gutxienez Jai Alai World Tour txapelketako partida bat jokatuko da eta, abuztuko lau ostiraletan, zortzi bikote Hondarribia Grand Slam torneoan lehiatuko dira; World Tour barruan puntu gehien banatzen dituen txapelketa da Grand Slama.
Jaialdi bakoitzean bi partida izango dira, eta partiden artean gastronomia dastaketa, marmitakoa eta Hiruzta txakolina. Ostiralero, Arrantzaleen Kofradiak sei-zortzi hegaluze jarriko ditu, eta txandaka, herriko zortzi jatetxek marmitakoa prestatuko dute atsedenaldietan banatzeko. Hurrenez hurren, Abarka, Enbata, Txantxangorri, Alameda, Laia, Batzokia, Atalaia eta Arroka-Berri dira udarako jaialdietan sukaldatuko duten jatetxeak.
Hondarribiko Pilota Eskolako zesta ataleko arduradunak, haien guztien laguntza eskertu du, eta batez ere eskolako haurren gurasoena: “Beraiek dira ostiralero-ostiralero hau guztia posible egingo duten boluntario handiak”. Eta, atzean dituen haurrei begiratuta gaineratu du, “harro gaude beraietaz, 35 puntista baino gehiago ditugu eskolak, duela 6-7 urte bat ere ez”.
Sare berriarekin, ikusgarriagoa
Udarako zesta jaialdien formatua egonkortu da dagoeneko, eta horretan ez da berrikuntza handirik izango aurten. Kantxan bai, ordea, aldaketa garrantzitsua izango da, udala sarea mugitzen ari delako, kontrakantxa laburtuz. “Orain arte asko kritikatu digute hori —onartu du Amboagek—, sarea oso zabalean zegoela eta ez zegoela puntua bukatzeko modurik. Orain bere lekuan jartzen ari dira, eta askoz ikusgarriagoa izango da. Aurrerantzean [Egigureni begiratuz eta begi-keinua eginez], ez dute aitzakiarik izango”.
Zaleak aldea nabarituko du, baita kirolariek ere, batez ere erasora jokatzen dutenek. Donostiarraren hitzetan, “Jostaldiko kantxa oso ona da, onenetakoa, baina sarea urruti egonda, partidak luzeegiak ziren. Orain errematatzeko aukera izango da”. Hondarribiko zesta eskolako irakaslearen ustez, pilota ikasleentzat ere inportantea da sarea bere lekuan egotea, errematatzen eta erremateak zaintzen hobeto ikasi dezaketelako.