Ostegunean hasiko da XII. Hondarribia Blues Festival; Carlos Mallesek zuzenduta. Kartel ezin erakargarriagoa atondu du musika beltzaren maitaleentzat.
Charlie Batyk jasoko du Hondarribia Blues Saria aurten
Melankolia, tristura. Horixe blues hitzaren esanahia. Kontrara, bluesaren maitaleak pozik egongo direla ia ziurra da. Zaila da aurkakoa. XII. Hondarribia Blues Festival hastear da, urtero legez, musika estilo horretan diharduten talde eta musikari onenetakoen partaidetzarekin. Ziurrenik horregatik, zaila zaio jaialdiaren zuzendari Carlos Mallesi egitarauan bildu dituztenen artean bat edo beste nabarmentzea: “Oso zaila da esaten. Argi dago kontzerturik garrantzitsuenak Bentakoak direla, ostegun, ostiral, eta larunbat gauekoak, denak banda oso indartsuak direlako”.
Malles, ordea, agertoki txikiagoen zalea da, “musikari eta publikoaren artean, harreman estuago bat baimentzen duten horietakoak”, Alde Zaharreko Arma Plazakoa, herri bazkarietako oholtzak edota San Pedro kaleko agertokia kasu.
Aurtengoan, Hondarribiko blues jaialdian protagonista nagusienetakoa Charlie Baty izango da. Hondarribia Blues 2017 Saria harentzat izango da. Estatubatuarrak, bere belaunaldiko blues gitarra jotzailerik onenetakoa, Little Charlie & The Nightcats banda sortu zuen 1979. urtean. West Coast-aren mitoa, saria jasotzera heldu da Hondarribira, Mallesek zehaztu duenez, Europan emango duen kontzertu bakarrean.
Hilaren 15ean jasoko du Charlie Batyk Hondarribia Blues Saria, eta JW Jones gazte kanadarrarekin emango du kontzertua. JW Jones ezaguna dute Hondarribia Blues Festivalen zaleek. 2012. urtean jo zuen lehen aldiz jaialdian, eta kontzertua ikusi zuten guztien gogoan arrasto ederra utzi zuen. Mallesen esanetan, JW Jones bera ere Hondarribira itzultzeko irrikaz zegoen, eta, besteak beste horregatik elkartu dituzte biak, Little Charlie eta JW Jones, “askotan jo dutelako elkarrekin eta oso ondo elkar ezagutzen dutelako. Beraiek izango dira larunbateko protagonistak”, aurreratu du Mallesek.
Baina ez dira izango jaialdiko protagonista bakarrak. Hondarribian aurten ariko direnen artean, besteak beste, Stars From The Commitments eta The JB’s James Brown Original Band izango dira. Hilaren 13an eta 15ean joko dute, hurrenez hurren, Bentako oholtzan. Eta ospetsuenen ondoan, are hobeagoak. Mallesek oraindik ezin du sinistu, esaterako, Zac Harmon, Kenny Neal edo Igor Prado Hondarribian izango direnik. “Nibel oso handiko bandak dira guztiak. Gainera, aurten, estilo aldetik aukera handia dago. Mississippi blues, West Coast, soul, funk, rural blues… oso-oso ondo egongo da”.
Kenny Neal, aurten Hondarribira etorriko diren izarretako bat