EKPren eta Brandariren eskutik, aisialdi jasangarriari lotutako hainbat jarduera egingo dituzte. Besteak beste, belaontzietan bataiatzeko aukera izango da.

Haurrentzako tailer asko egingo dituzte hiru egunetan
Euskadiko Kirol Portuak (EKP) eta Brandari proiektua antolatzaile direlarik, II. Itsas Market azoka egingo dute Hondarribiko kirol kaian ostiraletik igandera arte (
ikusi kartela). Itsasoari lotutako aisialdi jasangarria, artea, tokiko kontsumoa, eta genero berdintasuna sustatzea bilatzen du ekitaldiak.
EKP atzean egonik eta azoka kirol kaian egiten denez, ez da harritzekoa uretako kirolen eskaintza. Hala, klub nautikoak ateak irekiko ditu larunbatean 11:00etatik 17:00etara eta, instalazioak eta funtzionamendua erakusteaz gain, bela bataioak eta Laser, Catamaran Hobbie Cat eta Raquero belaontzietan irteerak egingo dituzte. Doan dira, baina 943 64 27 88 telefono zenbakira deitu behar da lekua hartzeko. Uretan ere, emakumeen Lamiak estropada egingo dute igande eguerdian, eta ondoren marmitako dastaketa izango da.
Lehorrean, ekitaldi pila bat antolatu dituzte, besteak beste, diseinu eta artisau azokak eta ikastaro osagarriak, DJak, blues jaialdiari lotutako kontzertuak
ostiralean eta
larunbatean (ikusi 4-5 orrietan), eta haurrentzako hainbat tailer.
Tailerren zerrendari begiratuta, Itsas Marketeko protagonista nagusiak haurrak izango direla aurreikusi daiteke: Batetik, SantaMariaMadalena arte tailerraren eskutik, itsasoarekin lotura duten bi eskulan iragarri dituzte, birziklatutako kartoiarekin eginiko kaioak, eta itsasoko elementuekin osatutako irlatxoak. Eta bestetik, Central Surf eta Aquaman Apnea klubek euren jardueratan erabiltzen dituzten materialen hondakinak (neoprenoa, eta abar) baliatuz, karterak, zorroak eta hainbat osagarri sortzeko aukera izango dute izena ematen dutenek.