Osakidetzak Hondarribiko anbulantzia ezabatzea erabaki du, eta eskualderako erizaindun batengatik ordezkatu. Bidasoarrek gogor erantzun dute.
Hondarribiko anbulantzia, Bidasoaldeko Ospitaleko atarian
Hautsak harrotu ditu Osakidetzaren Hondarribiko anbulantzia ordezkatzeko nahiak. Oinarrizko anbulantzia erizaindunagatik aldatu nahi izan du Osasun Sailak, baina langileak, herritarrak eta Irun eta Hondarribiko udaletan ordezkaritza duten alderdi guztiak kontrako jarri zaizkio, eta atzera egin behar izan du Jon Darponen departamentuak. Berez, aldaketak hobekuntza dirudi, erizaindun ibilgailua maila handiagokoa delako, baina Hondarribia zerbitzurik gabe geratzea ekarriko luke, anbulantzia hori eskualderako litzatekeelako. Gainera, aspalditik medikudun anbulantzia ari dira eskatzen Bidasoan, eta erizainduna jartzea «adabakia» litzatekeela uste dute larrialdietako teknikari, erizain eta medikuek.
Maiatza bukaeran jakin zuten langileek Osakidetzak Hondarribiko anbulantzia ordezkatzea erabaki zuela, oinarrizko bizi euskarrikoa kendu eta erizaindun bizi euskarri aurreratukoa jarriz. Mikel Payo teknikariak argitu duenez, “enpresak esan zigun Osakidetzak uztailaren 1erako egin nahi zutela aldaketa”.
Erabakiak, batetik, langile kopuruan eragingo luke nabarmen, hamarretik bost lekuz mugitu beharko lituzkeelako. “Oinarrizko anbulantzietan bi teknikari goaz —azaldu du Payok—, eta erizaindun anbulantzietan teknikari eta erizain bana. Horrek esan nahi du Hondarribiko hamar teknikarietatik bost soberan leudekela, eta haien ordez bost erizain jarriko lituzkete”. Enpresak beste nonbait kokatuko zituela esan zien, baina Hondarribitik ez bada, beste nonbaitetik bost langile kenduko lituzke enpresak —oinarrizko anbulantzietako langileak azpikontratatuta daude; erizainak eta medikuak, aldiz, Osakidetzako langileak dira—.
Baina lanpostuek baino gehiago, zerbitzuak izango lukeen galerak kezkatu zituen langileak: “Bidasoan larri gabiltza, Hondarribian anbulantzia bat dago eta beste bat Irunen, eta oso justu gabiltza. Ematen du oinarrizko euskarri bat erizaindun batengatik ordezkatzea abantaila dela, onura dela, baina ez da egia, anbulantzia hori ez baitzen Hondarribian egongo”.
Payok gaineratu duenez, erizaindun anbulantziek bi funtzio dituzte, medikua duen anbulantziari laguntzea okupatuta dagoenean, eta ospitaleen arteko garraioak egitea. “Horregatik, anbulantzia hori ez zen inoiz libre egongo, Hondarribia anbulantzia gabe geratuko litzateke. Halaber, Donostiako medikalizatuaren lana egingo luke, eta ezin du zerbitzu bera eskaini, erizainek ezin dutelako medikuen funtzio guztiak bete”. Besteak beste, zauritu larriak egonkortu, edo tratamentua jarri, hori bakarrik medikuek egin dezakete.
Baliabide eskasia
Bidasoaldeko Ospitalean, Hondarribitik deitu zietenean jakin zuten Osakidetzaren asmoez. «Ezin genuen sinistu», aitortu du Juan Mari Iñiguez de Heredia medikuak. “Behar handiena duen herrialdeko eskualdea da Bidasoa, Hondarribiko anbulantzia galtzea hondamendia litzateke. Larrialdietako teknikarien helburua pertsona ez hiltzea da, eta gero, egoki artatuko duten lekura ahalik eta denbora gutxienean eramatea. Hondarribiko zerbitzua kenduz gero, itxarote denborak asko handituko lirateke, eta heriotza arriskua biderkatuko litzateke”.
Bidasoaldeko Ospitalean egiten du lan Iñiguez de Herediak, baina oinarrizko anbulantzian joatea tokatu zaiola kontatu du: “Getariatik Hondarribira medikua duen anbulantzia bakarra dago, Donostiakoa. Libre badago, gutxienez, 20 minutu behar ditu etortzeko, okupatuta badago, ez da iritsiko. Zer egiten dugu? Oinarrizko anbulantzian sartu, eta istripuaren lekura joan, arropa eta material egokirik gabe. Orain botikin bat prestatu dugu horrelakoetan erabiltzeko, baina orain arte hori ere ez genuen”. Bere hitzetan, Osasun Saila langileen borondatearekin jokatzen ari da: “Hutsuneak betetzen ari gara, egiten dugu bizitzak salbatzeko edozer egiteko prest gaudelako, baina ez da serioa, gure borondatearekin jokatzen dute”.
Bidasoko larrialdietako langileak Irunen, istripu simulazio batean
Bidasoko larrialdietako langileak duela 20 urte hasi ziren medikudun anbulantzia eskatzen, hau da, teknikari, erizain eta mediku banarekin osatuta dagoen euskarri aurreratua. Daniel Alonso erizaina da, eta Donostiako ibilgailu aurreratuetan aritzen da. Argi du Bidasoak zer behar duen: “Oinarrizko biak mantendu, eta medikalizatu bat jarri. Erizaindunak gauza onak ditu, baina ez da eskualdeak behar duen soluzioa”.
Astearte goizean Osakidetzako prentsa buruak Hitzari baieztatu zionez, Bidasoko egitura aztertzen ari ziren, aldeekin hitz egiten, baina erabakia hartu gabe zegoen: “Hori ez da egia—ziur dago Payo—. Pentsa, gu beste anbulantzia batekin ari gara, gurea margotzera eraman zutelako. Erabakia hartuta zuten, baina atzera egin behar izan dute”. Asteartean bertan, arratsaldez, agerraldia egin zuen Jon Darpon Osasun sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean, eta Hondarribiko anbulantzia mantenduko zutela, eta beste bat, bizi euskarri aurreratu bat, jarriko zutela jakinarazi zuen. Hondarribiko teknikariaren iritziz, «herritarren presioari esker lortu da anbulantzia mantentzea», baina erabakiak ez dituela asetzen gaineratu du: “Amarrua da, euskarri aurreratua jarriko dutela diote, baina nolakoa zehaztu gabe. Gu ziur gaude erizainduna jarriko dutela, eta hori ez dugu nahi, hori ez da Bidasoak behar duena, medikalizatua baizik”.
Larrialdietako zerbitzuko langile guztiak sinetsita daude Bidasoak medikua duen anbulantzia dela behar duena: “Osasuna eskubidea da, herritar guztiek eskubide bera dute, eta Gipuzkoan ez da horrela. Eskualde batzuetako herritarrak lehen mailakoak dira, gu, bigarrenekoak. Gure lanbidean denborak bere biziko garrantzia du, baliabideak ezinbestekoak dira”.
Bidasoarren mobilizazioaren ondoren Osakidetzak atzera egin du, ez du Hondarribiko anbulantzia kenduko, eta beste bat jartzea erabaki du, euskarri aurreratu bat. Gutxi barru jakingo da bidasoarren 20 urteko eskaerari erantzungo ote dion. Hala ez balitz, berriro kontra izango lituzke bidasoarrak.
Anbulantzia motak
Oinarrizkoak
Osasun larrialdi guztietara bidaltzen den lehen baliabidea. Ibilgailuek marra zuria dute erdialdean margotua.
- Oinarrizko bizi euskarria. Bi osasun teknikariz osatua dago, haietako bat gidatzeaz arduratzen da. Desfibriladorea dute.
Aurreratuak
Ibilgailuek marra berdea dute erdialdean, oinarrizko bizi euskarriko anbulantziengandik bereizteko. Bi motakoak dira.
- Erizaindun bizi euskarri aurreratua. Oinarrizko bizi euskarriei laguntzeko erabiltzen dira, medikalizatua okupatuta dagoenean, baita ospitale arteko garraiorako. Osasun teknikari batez eta erizain batez osatuta daude.
- Medikudun bizi euskarri aurreratua. Egoera larrienetan erabiltzen da, medikuak teknika aurreratuak erabili ditzakelako. Gaixo larrienen ospitaleen arteko garraioaz ere arduratzen dira. Larrialdietako teknikari batek, erizain batek eta mediku batek osatzen dute.