Munduko Osasun Erakundearen gomendioei erreparatuz, hiru anbulantzia gehiago beharko lirateke eskualdean, oinarrizko bi eta medikalizatu bat.
Lau anbulantzia daude Oarso Bidasoan, laurak oinarrizko euskarriak
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 1972an ezarri zituen biztanleriaren arabera anbulantzia kopuruak zehazteko egun indarrean dauden gomendioak. MOEren ustez, 25.000 biztanleko oinarrizko bizi euskarri bat behar da, eta 120.000 biztanleko medikudun bizi euskarri aurreratua. Hondarribiak 17.000 biztanle inguru ditu, eta Irunek 61.000, hau da, Bidasoan 77.000 pertsona bizi dira, udaran Hondarribiak biztanleria bikoizten duela kontuan izan gabe. Oarsoaldeari dagokionez, Errenteria-Oreretak ia 40.000 biztanleko errolda du, Oiartzunek 10.200ekoa, Pasaian 16.200 pertsona daude eta Lezon 6.000. Denera, 72.000 inguru.
Lau dira Oarso Bidasoan sortzen diren larrialdi egoerei erantzuteko dauden oinarrizko bizi euskarri anbulantziak, bana, Hondarribia, Irun, Oiartzun eta Errenteria-Oreretan. MOEren gomendioen arabera, Bidasoan hiru oinarrizko anbulantzia beharko lirateke, Oarso Bidasoarako sei; biztanle kopuruagatik Oarsoaldeak birekin nahikoa luke, baina larrialdien koordinazioari begira bi eskualdeak eremu bakar gisa hartzen dira, eta biztanleria batuta 150.000 biztanle langa gainditzen da.
Oinarrizko ibilgailuez gain, egoera oso larrietan medikudun anbulantzia aktibatzen da, betiere libre baldin badago. Izan ere, Gipuzkoan lau daude, Arrasaten bat, Elgoibarren beste bat, Tolosaldean hirugarrena, eta laugarrena Donostian, Oarso-Bidasorako erabiltzen dena. Bertan erizain lanetan aritzen den Daniel Alonso kexu da, “EAEn lan gehiena egiten duen anbulantzia” delako. Izan ere, Donostiako medikudun anbulantziak Getaria eta Hondarribia arteko eremua hartzen du, 427.000 biztanletik gora artatzeko anbulantzia medikalizatu bakarra. Hau da, Gipuzkoako biztanleen %40a zaintzeko hiru medikudun anbulantzia daude, eta beste %60arentzat bakarra. “Zaindu behar duen eremuagatik, eta bere zereginen artean gaixo larrien ospitale arteko trasladoa egitea dagoenez, ia inoiz ez dago libre”, erantsi du erizainak.
20 urteko eskaera
Bidasoko larrialdietako langileek 20 urte daramate eskualderako medikudun anbulantzia bat eskatzen. Orain lortuko balitz, eskualdeak onura handia izango lukeela argi du Alonsok: “Bidasoaldeko ospitalean medikudun anbulantzia bat ezarriko balitz, itxarote denborak asko murriztuko lirateke, eta heriotza aukerak murriztu”.
Osakidetzak langileen eskaerari erantzuna emango balio, anbulantzia medikalizatuak Bidasoaldeko Ospitalean izango luke egoitza, baina bere eremua ez litzateke Bidasora mugatuko. Oarsoaldean larrialdi bat gertatzen bada, hara joateko modua izango luke eta, eragina Getariaraino iritsiko litzateke. “Orain bakarra dugu, eta ia inoiz ez dago libre, bi izango genituzke, aldea handia da”.
Donostiako medikudun anbulantzia bakarrak zaintzen duen eremurako hiru beharko liratekeela uste du Munduko Osasun Erakundeak. Bidasoko larrialdietako langileen ustez, egungo oinarrizko euskarriei medikudun anbulantzia bat gehituz gero, abantaila handia litzateke. “Larrialdi zerbitzuen arteko koordinazioa bikaina da, baina baliabideak falta zaizkigu. Medikudun anbulantziak ikaragarri hobetuko luke gure lana eta herritarrei ematen diegun zerbitzua”.
Larrialdi zerbitzu osoa koordinatuta dago uneoro
Larrialdi baten aurrean bi aukera dituzte herritarrek, zuzenean ospitalera joan, edo telefonoz laguntza eskatzea. Bi dira larrialdietarako telefono zenbakiak, 112a (SOS Deiak), edo Osakidetzaren larrialdietako zerbitzuko telefonoa (943 46 11 11). Batetik zein bestetik deituta, Larrialdietako Koordinazio Zentroan dagoen medikuak baloratuko du egoeraren larritasuna, eta horren araberako erantzuna emango dio.
Gipuzkoan, Donostian dago Larrialdietako Koordinazio Zentroa, eta herrialdeko zerbitzu guztiak kudeatzen ditu, langileak, anbulantziak, ospitaleak… Telefono dei bakoitzari ematen zaion erantzuna askotarikoa izan daiteke: telefono bidezko aholkua eman, etxera medikua edo erizaina bidali, kontzertatutako ibilgailu bat erabili, edota larrialdietako anbulantziak —edo helikopteroa, kasurik larrien edo berezienetan— aktibatu. Euskarria bidaltzeaz gain, koordinazio zentroko medikuak larrialdiaren jarraipena egiten du eta larrialdi zerbitzuak koordinatu, anbulantzietako teknikariek biltzen duten informazioa ospitalera helaraziz, gaixoa jasotzeko prest egon daitezen.
Mediku koordinatzaileak unean uneko egoerari aurre egin behar dio. Esaterako, Oiartzungo Olatu enpresako sutea gertatu zenean, Donostiako medikudun anbulantzia okupatuta zegoen, eta Tolosaldekoa bidali behar izan zuten. Bitartean, Tolosaldea medikudun anbulantziarik gabe geratu zen; eskualde hartan zerbait larria gertatuz gero, bi anbulantzia horiek falta zirela kontuan eduki behar zuen koordinazio zentroko medikuak.
Irakurri:
[Erreportajea] Medikalizatua behar da