Azken urteetako balentriak errepikatzeko asmoz ekingo dio bihar Hondarribiak Eusko Label Ligari; zuhurrak baina baikorrak dira, nahiz eta lehiaren maila oso altua izango dela aurrez jakin.
San Joan bezperan aurkeztu zituzten aurten lehian ariko diren Hondarribia Arraun Elkarteko bi eskifaiak.
Bihar hasiko da Eusko Label Ligan, Bilbon, eta gainontzeko arraun taldeetan bezala, Hondarribia Arraun Elkartean ere, liga hasteko irrikaz daude. Hala aitortu du elkarteko presidente Joxemi Elduaienek: «Liga hasteko gogoz gaude. Azkenean, luze egiten da, gehienbat azkeneko hilabetea. Ilusioz beteta gaude. Ea borrokan egoteko gai garen».
Neguko testetan bezala, aurredenboraldiko estropadetan ere, indartsu agertu da Hondarribia, eta aditu denek puntakoenen artean kokatzen dute.
Elduaienek, aldiz, nahiago du zuhurrago izan: «Denek dakigu benetan balio dutenak estropada ofizialak direla. Neguan ikusten dena adierazgarria izaten da, baina ez duzu gehiegi fidatu behar, badaezpada, jende guztiak gordetzen dituelako karta batzuk».
Babesle bila
Elkarteko presidentea izanik, kirol ikuspegitik harago Elduaienek baditu bestelako buruhausteak. Klub gehienetan bezala, Hondarribia Arraun Elkartean baita ere bideragarritasun ekonomikoak nahikoa buruhauste sortzen ditu zuzendaritza taldeko kideen artean. «Aurrekontua betetzeko urtero-urtero, topera ibili behar izaten dugu, eta asko sufritzen».
Aurten, gainera, babeslerik ez dutela jakinarazi du Elduaienek: «Orain arte gure babesle nagusia izan denak gurekin jarraituko du, baina beste kolaborazio mota batean, eta une honetan babeslerik gabe gaude».
Babeslea bilatzeko nahi horretan «ate batzuk jo» dituztela kontatu du presidenteak, baina oraingoz erantzunaren zain daudenez «abizenik gabe» uretarako dira: «Hondarribia izango gara bakarrik».
Nesken trainerurik ez
Penatuta dago Elduaien aurten emakumeen trainerurik ezin izan dutelako osatu. Azkenera arte aritu dira ahaleginean, baina etsi behar izan dute, trainerua osatzeko nahiko neska bildu ez dituztelako.
«Lehenengo nesken estropada, guk antolatu genuen, Txingudiko Bandera» gogoratu du harro Elduaienek. Lehen talde hura, baina, desegin egin zen denborarekin, iaz, berriz ere, proiektuari heldu zioten arte. «Iaz zerotik hasi ginen, talde berri batekin. Lortu genuen hamazazpi nesken talde bat osatzea», eta hamazazpi horietatik hamahiru sekula arraunean ibili gabeak zirela gogoratu du. «Guretzat sorpresa bat izan zen hainbeste neska biltzea» aitortu du.
Aurten, ordea, bajak tarteko, negua luze joan da eta ekainera hamar neskekin iritsi direla kontatu du presidenteak. Trainerua osatzerik ez zutela izango ikusita askatasuna eman diete neskei beste taldeetara joateko. Urrian, hala ere, saiakera berriro egingo dutela agindu du.
Harrobia lantzen
Bigarren traineruan ere oso jende gaztea du aurten Hondarribiak. Iaztik hona zazpi baja izan dituzte, Elduaienek kontatu duenez, hiru arraunlari lehen taldera igo dituztelako, eta gainontzekoek arrauna utzi dutelako: « Bigarren taldea oso-oso gaztea da. Ikasten ari dira».
Edonola ere, Hondarribia harrobiko taldea dela goraipatu du: «Donibanen bandera irabazi genuen harrobiko 11 arraunlarirekin. Ea goi mailako zein traineruk lortzen duen halako marka bat». Horregatik, akaso, zuhur mintzo da: «Irabazi batek bakarri egiten du, eta besteak ez daude guri txalo egiteko».
Mikel Orbañanos (Entrenatzailea): «Behean ere borroka handia izango da, eta horrek eragingo du goikoengan»
Donibanen segundo bakarreko aldeaz irabazi diozue Urdaibairi. Aurten ere bion arteko lehia estua ikusiko delaren seinale?
Oraindik goiz da esateko, baina iruditzen zait baietz, hor aurreko lehian, bai Urdaibai, eta bai gu ariko garela, eta Orio baita ere hor aurrean sartzeko taldea izango dela iruditzen zait. Gero ez dugu ahaztu behar Kaikurekin, azkeneko urte hauetan ohorezko txandan egon dela beti, eta Zierbena ere indartuta dago.
Hala ere, ez nuke prezipitatu nahi, oraindik goiz delako eta iruditzen zaidalako traineru askok izango dutela aukera hor aurrean ibiltzeko.
Bihar hasiko da liga. Zein helburu nagusi ezarri dituzu aurtengo denboraldirako?
Azken urteei begiratuta, iruditzen zait maila txukuna emateko gai izango garela. Lan ona egin dugu neguan eta, taldean aldaketa handirik ez dugula ikusita, normalean behintzat, maila berdintsu samarrean ibili beharko genuke.
Helburu horiek lortze bidean oztopo nagusiak zeintzuk izan daitezke?
Hau kirola da, itsas zabalean jokatzen den kirola, eta gerta daitezke gauza asko.
Egia da, hala ere, liga bat irabazten dela beti udara guztian erregularrena izan ahala, eta udara guztiko onena izanda. Zentzu horretan, garrantzitsua da ondo hastea, baina baita ondo jarraitzea eta bukatzea ere. Azkenean estropada denak dira garrantzitsuak.
Sorpresetarako tarterik izatea aurreikusten duzu?
Ez. Beti egoten dira sorpresak eta aldaketak, baina, nire ustez, aurreko urtekoaren antzeko liga izango da.
Eusko Label Ligatik ez erortzeko borroka latza aurreikusten da.
Bai, beherakoa, oraindik ere zailagoa iruditzen zait. Traineru asko ikusten ditut maila oso txukunean eta inor ez dut ikusten behera jaisteko txartela askorekin. Behean ere borroka handia izango da, eta horrek eragingo du goikoengan ere bai, beherakoak ez direlako erraz erlaxatuko. Aurrekoren batek estropadaren batean huts egiten badu, asko sufritu dezake, dudarik gabe, beherakoek ere, maila txukun samarra emango dutelako.
Hamaseigarren denboraldia duzu Hondarribian. Ez da marka makala.
Egia esan, hasieratik oso jende jatorra topatu dut. Beraiek ere gustura daude nik egiten dudan lanarekin. Denon lorpena da. Arraunlari batzuk urte asko daramate nirekin, zuzendaritzako kideek zer esanik ez, musu-truk hainbeste urtean, eta baita presidentea Joxemi Elduaien eta Joseba Amunarriz patroia ere. Nire izena aipatzen dute, baina jende asko dago nirekin elkarlanean, eta horien guztien lana dago lortutako meritu guztien atzean.
Aner Etxart, (Entrenatzailea): «Berriz ere traineru bat martxan jartzea, horixe helburua»
KAE1 Liga martxan da. Nola ikusten duzu taldea?
Taldearekin, orokorrean, oso gustura. Egia esan, azkeneko postuetan ibiliko ginela bagenekien, jaitsiera postu horiek saihesten, eta taldearen erantzuna oso ona izaten ari da. Estropadetan primeran ari gara ateratzen, eta gero, gure gorabeherak baditugu. Batzuetan hobeto moldatzen gara, besteetan okerrago, batez ere, itsaso zailetan, baina gure lana egiten ari gara.
Denboraldirako helburu nagusiak zeintzuk dira?
Taldea osatzea. Nahikoa justu ibili gara jendez. Jende berria sartu da, eta jende berri hori taldean egokitu, bloke bat landu eta berriz ere traineru bat martxan jartzea, horixe helburua.
Gero, badakigu, KAE1 Liga oso zorrotza dela, eta ahalik eta txukunen moldatu nahi dugu. Horretan ari gara.
Jaitsiera postuak saihesteko borroka horretan zeintzuk aurreikusten dituzu kontrario zuzenak?
Ikusi dugu Arkote dagoela momentuz gertuen, igo berria delako, eta beraiek ere horretan ari direlako, ligara egokitzen. Gero ere Pedreña, Portugalete… horiek dira momentuz gertuen ibili direnak. Gero ikusiko da, liga aurrera doan bezala, beraiek gorantz doazen, edo beste talderen batek behera egiten duen.
Oraingoz, behintzat, badirudi zuenean Donostiarra izango dela lider argia. Espero zenuten?
Bai. Urte hasieran ikusi zen, egin zituzten fitxaketekin eta, taldea TKErako bide hori hartzera bideratuta zegoela. Estropadak hasi dira eta erakusten ari dira bide horretan ondo ari direla.
Urte askoan arraunlari aritu eta gero hirugarren urtea duzu entrenatzaile gisa. Zer moduz?
Nahiko gustura. Duela hiru urte hasi nintzenean, taldea beherago zegoen. Bizi izan dut momentu oso ona, estropada asko irabaziz. Liga irabazi genuen, igoera bat… Aurreko urtean ere talde indartsua genuen, eta ondo moldatu ginen erdialde horretan. Aurten, berriz, berritze prozesu batean gaude, eta horretan ere oso gustura. Agian, aurtengo hau izango da gustuen aritu naizen urtea, gazteekin, beraien jarrera oso ona izan delako.
Denboraldiak aurrera egin ahala taldeak koska bat gora egingo duela uste duzu?
Zergatik ez. Azkenean horretarako ari gara lanean. Taldea ikasten ari da eta saiatuko gara arerio bat atzean uzten, eta behintzat play-offetako aukera hori edukitzen, kategoriari eusteko.