Alardeari buruz GIPUZKOAKO HITZAk egin duen erreportaje zabala da honakoa. Alarde perekidearen gaineko gogoeta egiten du.
Denis Itxaso alarde parekideari bandera ematen iazko Irungo alardean.
Aitziber Arzallus / Gipuzkoako Hitza
Gertatu aurretik idatz daitekeen horietakoa izango da gaurko Irungo kronika. Bi alarde aterako dira kalera: bata, publikoa eta parekidea; bestea, pribatua eta baztertzailea, emakumeak ez dituelako onartzen kantinera postuetan ez badira. Eta Jose Antonio Santano alkateak ez dio harrerarik egingo emakumeen eta gizonen eskubideak berdintzen dituenari; aldiz, bai andreak desfiletik kanpo lagatzen dituenari.
Tristea da, baina hala da, eta datozen urteetan ere hala izango da, zerbait handia gertatu ezean. 21 urte dira Irunen eta Hondarribian emakumeek alardeetan parte hartzeko auziari bueltaka hasi zirela. Eta urteotan guztiotan ezer gutxi egin da arazoari irtenbidea topatzeko. Irungo kasuan, egia da azken urteetan herriko giroak baretzera egin duela eta desfileak normaltasunez egiteko gai izan direla. Baina hortik konponbidea jartzera bide luzea dago oraindik.
Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendariaren ustetan, “baikorra” da azken urteetan tentsioak behera egin izana. “Baina arazoak hor jarraitzen du, eta borondatea behar da aurrera egiteko”. Gauza bat garbi du: “Irundarrek daukate konponbiderako giltza”. Erakunde publikoek eta bestelako eragileek lagundu dezaketela iritzi dio. “Baina tartean daudenek dute konponbiderako iparrorratza”. Ez deritzo arazoa betiko bihurtzeko arriskurik dagoenik. “Uste dut inor ezin dela gustura edo konforme egon festa honen inguruan dagoen egoerarekin, eta ziur nago, lehenago edo geroago, gerturatzeko pausoak emango direla”.
Emakundek, berriz, argi du auziaren konponbide iraunkorra elkarrizketaren bidetik etorriko dela, eta ez beste inondik, hori erakutsi dutelako bide hori oinarri hartu duten beste herri batzuetako esperientziek. “Argi dago berdintasun arazo baten aurrean gaudela eta oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatu behar direla emakumeek gizonek dituzten baldintza berberekin parte hartu ahal izan dezaten ospakizun honetan”. Vaquerorekin bat dator Emakunde konponbidearen giltza irundarrek dutela. Eta elkarrizketa hori herrian bertan egiten ez bada arazoa gainditzea zaila izango delakoan dago. “Horregatik, herriko batasun sozialaren aldeko aurrerapausoak eman behar direla uste dugu, eta hor erantzukizun eta aukera handiak dituzte udalak eta herritar guztiek”.
Emakundek badu luze baino lehen arazoa konponduko den itxaropena, “herritar gehienek hala nahi dutelako”. “Gakoa da identifikatzea zer motatako estrategia berriak jar daitezkeen martxan helburu hori lortu ahal izateko”.
Auzia konponbidean jartzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, aurreko legealdian alardeari buruzko erakundeen arteko mahaia sortu zuten: aldundia bera, Arartekoa, Emakunde eta Irun eta Hondarribiko udaletako ordezkariak jarraitutasunez elkartzea zen helburua, festen atarian sortu ohi diren tentsioei aurrea hartu eta maila politikotik irtenbideak adosteko.
Denbora eta pazientzia
Vaquerok azaldu du zenbait bilera egin dituztela, eta azkenekoan Hondarribiko eta Irungo udal ordezkariek ere parte hartu zutela. “Ireki berri dugun foro bat da, eta espero dugu jarraipena eman ahal izatea”. Bi herri horietako egoera aztertzeko, nazioarteko bitartekaritza prozesuetako aditu bat ekarri zuten, Jenny Pearce hain zuzen, Bradfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) soziologoa. Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariaren esanetan, alardean parte hartzen duten eragile eta alde ezberdinekin hitz egiten ari da Pearce. Baina ezin dezake azalpen gehiago eman: “Gaia delikatua da oso; diskrezioa eskatzen digute tartean daudenek, eta diskrezioz ari gara jokatzen”.
Denbora eta pazientzia eskatu ditu Vaquerok. Haren ustez, ezin da ahaztu alardeen inguruko auzia hamarkadetan “katigatuta” dagoen kontua dela. “Argi izan behar dugu hau ez dela sei hilabetetan konponduko, edo garaile-galtzaile eskema ezarrita ere ez genukeela ezer lortuko. Elkarrizketa behar da, jarrerak gerturatzea, errespetua eta enpatia lantzea, eta denbora eskatzen du horrek”.
Alardeetako tentsioa arintzeko egoeraren diagnosia egingo zuela ere iragarri zuen aldundiak duela urtebete pasatxo. Diagnosi hori zertan den galdetuta, lanean ari direla adierazi du Vaquerok. “Hainbat eragilerekin elkartzen eta iritziak jasotzen ari gara. Espero dugu urte amaierarako diagnosi bat izatea”.
Alkatearen keinuaren zain
Urteak dira epaile batek ebatzi zuela emakumezkoek gizonezkoen eskubide bera dutela Irungo alardean parte hartzeko. Herriko alkateak, ordea, ez dio harrerarik egiten epailearen babesa duen alarde publiko horri; aldiz, bai alarde pribatu eta tradizionalari. Arartekoaren iritziz, jarrera hori ez da onargarria. “Botere publikoek funtsezko zeregina dute gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzeko orduan”. Horregatik, alkatea bera ezin da oztopo izan.
Emakundek uste du, berriz, herriko batasun sozialari bultzada nabarmena emango liokeela alkateak jarrera aldatu eta alarde parekideari harrera egiteko urratsa egiteak. “Uste dugu, berdintasunaren aldeko aurrerapausoa izateaz gain, Irungo herritar gehienek baloratuko luketen keinua litzatekeela”.
Bitartekaria, hobe kanpoan
Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok ere Irunera ez joatea erabaki dute. Emakunderen eta Arartekoaren ordezkariak, aldiz, bai, han izango dira alarde parekideari babesa adierazteko. Vaqueroren hitzetan, alardearen auzia tratatzeko, “lehentasunezkoa” da konfiantza giroa sortzea. “Eta gaur egun, tamalez, oraindik ere ez dago giro hori”. Argitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak auzian bitartekari papera hartzea erabaki zuela, eta horregatik egokiena deritzola alarde batean zein bestean ez parte hartzea.”Konfiantza hori eraikitzen hasteko ahaleginetan ari gara. Badakigu gaiak ezinegona sortzen duela, baina hau ez da egun batetik bestera egiten, ezta sei hilabeteko epean ere. Epe motzari bakarrik begiratzen badiogu, inoiz ez dugu adostuko irtenbiderik”.
Emakundek esan duenez, berriz, bere presentziarekin Eusko Jaurlaritza ordezkatuta egongo da alarde mistoari egingo dion harreran. “Alarde parekideak eskatu digulako gaude gu hemen, bertako erakundeen aldetik babes hori ez duelako”. Nabarmendu du zenbait herritan tokiko erakundeen eta herritarren inplikazioari esker lortu dutela tradiziozko ekimenetan emakumeen eta gizonen parte hartzea berdintzea. “Tradizioak egokitzea posible delako, eta, gainera, denboran zehar tradizio horiek iraun ahal izateko estrategia ere badelako”. Oraindik egiteko lan asko geratzen dela aitortu arren, Emakundek dio Eusko Jaurlaritzak berdintasunarekin duen konpromisoa ezin daitekeela zalantzan jarri. “Orain beharrezkoena da herrian elkarrizketarako bideak ireki eta mantentzea”. Eta hori lortu arte lanean jarraituko duela adierazi du.
Elkarri ez ikusiarena egitea da gakoa
A. Arzallus
Emakumeak, konpainia baten entseguan. Argazkia: Gorka Rubio / Argazki Press
Astelehena da Irunen, beste inon baino handiagoa, San Joan jaien ondorena delako. Oraindik parranda osteko usaina suma daiteke Urdanibia plazaren inguruan. 20:00ak pasatxo dira, eta jendea dabil txosnagunean eta alboko tabernetan. Taldetxoetan daude gehienak, tragoa esku batean, eta askok danborra edo txilibitua bestean.
Lau egun falta dira San Martzial egunerako, eta bi alardeetan aterako diren talde gehienek azken entseguak egingo dituzte egunotan. Ama Xantalen konpainiakoek 20:30ean hasiko dute eurena, Urdanibia plazaren alboko Peña kalean. Irungo alde zaharreko taldea da, neskez eta mutilez osatua.
Esandako orduan ekin diote entseguari. Bizi-bizi, txosnaguneari bueltaka hasi dira. Taldetxoetan zeuden gazteek eurenean jarraitu dute, txilibituen soinu sarkorra entzungo ez balute bezala. Konpainiakoak paretik pasatzean, burua altxatu eta begiradarekin metro batzuez jarraitu dute haien martxa, baina laster itzuli dira lehengora. “Egunero ari dira entseguak egiten; baten bat beti tokatzen zaigu parean”, dio Naiara Calvok. 21 urte ditu, eta irundarra da. Badu asmoa ostiralean alardea ikustera ateratzeko. “Baina entseguek ez didate halako emoziorik eragiten”.
Bada Calvo baino hunkituago dagoenik. Emakume bat gogotsu ari da txaloka, bi ume ondoan dituela. 43 urte dituela bai, baina nahiago du izenik ez eman. “Hirutan irtena naiz, eta, orain, hunkitu egiten naiz ikusi hutsarekin”. Alardea barrutik bizitzea “oso polita” dela dio, nahiz eta onartu duen “momentu desatseginak” bizitzea ere tokatu izan zaiola. “Giroa lasaitu da azkenaldian”, baina, Irungo kaleetara alarde bakar bat aterako den egunaz galdetuta, irudikatzea ere “ezinezko” egiten zaio. 40 bat urteko gizon-emakume talde batek ere aupaka eta txaloka animatu du konpainia.
Urdanibian ez ezik, udaletxeak kokaleku duen San Juan plazan ere jendetza dago astelehen iluntzea izateko. Bat-batean, konpainia bateko kideak ilaratan jartzen hasi dira; denak gizonezkoak, kantinera izan ezik. Tanborrada taldea da. Entsegua hastera doazela ohartu direnean, dozenaka lagun korrika eta presaka hurbildu da konpainia dagoen lekura. Bi minuturako, dozenaka lagunek inguratu dituzte Tanborradako kideak, eta haiek egingo duten ibilbidearen bi aldeetara jarri dira beste asko. Txalo artean utzi dute San Juan plaza.
Segituan, beste talde bat osatu da: Santiago konpainia da, neskez eta mutilez osatua. Alboan zituzten Tanborradakoen jarraitzaileak azkar sakabanatu dira. “Badaezpada ere”, esan du emakume batek. “Nola txalotuko dituzte, bada, Santiagokoak?”. Rosa Iglesias da, 54 urteko irundarra, eta alarde parekidearen aldekoa. Tradizionalaren aldekoen “fanatismoa” gaitzetsi du: “Ez al zara ohartu nola jarri diren Tanborradakoak irtetera zihoazenean? Asko eta sutsuak direla erakustera ateratzen dira, mistoaren zaleek baino sentimendu handiagoa dutela”. Batzuk hurbildu dira Santiagokoen irteera txalotzera, baina ez dute Tanborradakoek adinako publikorik erakarri.
Bost minutu baino lehen, Ama Xantalenekoak azaldu dira plazara. Eta haiek udaletxe aurrean bueltaka ari direla, Tanborradakoak iritsi dira. Segituan joan zaizkie jarraitzaileak gainera. Ama Xantalenekoek plazatik alde egin arte, ertz batean geldirik egon dira Tanborradako kideak. Batzuk ezkutatu orduko sartu dira besteak, jarraitzaileen txaloen babespean. Behintzat, ez diote keinu txarrik eta enbarazurik egin elkarri, soilik ez ikusiarena.