Abotsanitzek eskatuta, mugikortasun gaiak lantzeko mahaia eratzea onartu dute osoko bilkuran. Politikariak, teknikariak eta herritarrak bilduko ditu.
Aho batez onartu zuten Mugikortasun Mahaia eratzea atzoko plenoan
Mugikortasun Mahaia izango du Hondarribiak. Hala erabaki zuten atzo, ekaineko ohiko plenoan Abotsanitzek aurkeztutako mozioa onartuta. Alderdi guztiek bozkatu zuten alde, EAJk, Abotsanitzek, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk.
Ortzi Alonsok aurkeztu zuen mozioa. Bere hitzetan, gai asko landu beharko lituzke mahai horrek, besteak beste, bidegorriak, aparkalekuak, Txiplao inguruko zebrabideak, autokarabanen zerbitzugunea, mikrobusa, Portuko TAOaren arautzea, eta abar. “Batzordea osatu behar da, denon onerako, herritarren onerako, baina baita udal gobernuaren onerako ere”, nabarmendu zuen Alonsok. Mahaian politikariak, arloko teknikariak eta herritarrak elkarlanean aritu beharko luketela zehaztu zuen, eta
Udal gobernuaren izenean, Kalixa Silanes arloko zinegotziak hitz egin zuen. Azken hilabetetan Balazta bizikleta erabiltzaileekin burututako elkarlanaren berri eman zuen, eta Euskara arlorako zehazten ari diren batzorde eta azpibatzorde egiturak, mugikortasun mahairako balio dezakeela gaineratu zuen.
Bilera, Alde Zaharreko trafikoaz
Heldu den asteazkenerako bilera antolatu dute Denda kaleko Kultur Etxean. Javier Ugarte eta Santiago Compostelakoaren kaleetako obra bukatuta, Alde Zaharreko trafikoa arautzeko proposamena herritarrekin konpartitu nahi du udalak. 19:00etan hasiko da, eta herritar guztiei deia luzatu diete, ez hirigune historikoan bizi direnei bakarrik.