Datorren asteazkenetik aurrera 'Mariñel' barkua bisitatzeko aukera izango da. 2012an itzuli zuten kai zaharrera eta Sustraia elkarteak zaharberritu du.
Egurrez egindako Hondarribiko azken arrantza-ontzia da ‘Mariñel’
Arma Plaza Fundazioak Hondarribian egurrez eraikitako azken
legazketaria ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu, eta
Mariñel ontziaren zaharberritze lanak burutu dituen Sustraia elkarteko boluntarioek beraiek erakutsiko dute barkua. Arma Plazak eskailera bat egokitu du, bisitariek zailtasunik gabe itsasontzira sartzeko aukera izan dezaten.
Ordubete iraungo du bisitak, eta barkuaz gain, Portu auzoan zehar zenbait azalpen emango dituzte. Legazketariaren barruan, Markos Sodupe Sustraiako kideak sorturiko bideoa erakutsiko zaie bisitariei, ontziaren garaiko irudiak eta
Mariñel kai berritik zaharrera itzuli eta karrora igotzeko lanak jasotzen dituena.
Uztaila eta abuztuan egingo dira bisitak, egunero. Egunean lau bisita egingo dira, ordubeteko iraupena izango dutenak, honako orduetan hasita: 12:00, 13:30, 16:00 eta 17:30. Hori bai, aldez aurretik izena eman beharko da, 943 644623 telefonora deituta edo
Arma Plaza Fundazioaren posta elektronikora idatzita. Bisiten prezioa 4 eurokoa izango da, eta doan 16 urtetik beherakoentzat.
Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioko presidente Txomin Sagarzazuk Sustraiako boluntarioek egindako lana nabarmendu du: “Itsas ondarea balioan jartzeko Hondarribian egiten ari garen lanaren barnean jarri behar dugu
Mariñel ontziaren bisiten gaia. Sustraia boluntario taldea egiten ari den lan bikaina eskertu nahiko nuke, beraiei esker Fundazioaren bitartez aurrera atera dezakegu gure ustez oso interesgarriak izango diren bisita gidatuak”.
Asteartean ate irekiak
Asteazkenean egingo da lehen bisita gidatua
Mariñel arrantza-ontzian. Aurretik, astelehenean, Arma Plaza Fundazioko patronoek bisitatuko dute barkua, eta biharamunean, ate irekien jardunaldia egingo dute, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; astearteko jardunaldietan barkua ikusi nahi duenak ere egin behar du erreserba.