Mozioa aurkeztu du biharko plenoan eztabaidatzeko. Liburutegia Zuloaga Etxera itzultzerakoan, "zerbitzuak birplanteatu" behar direla uste dute.
Zuloaga Etxea itxita egongo da urrira arte, trasladoa burutu arte
Ekaineko ohiko plenoa egingo dute bihar Hondarribian eta, Abotsanitzek aurkeztuta, liburutegiaren zerbitzua handitzeko eskatzen duen mozioa eztabaidatuko dute. Zuloaga Etxeko obra bukatuta liburutegi zerbitzua lau hilabetez etenda geratuko da, eta aurrera begira, “aurretiazko baliabideen hausnarketa egitea, funtzionamendua aurreikustea eta etengabeko hobekuntza prozesua martxan jartzea” eskatuko du Abotsanitzen mozioak.
Testuan azaltzen denez, 2016ko Euskadiko Irakurketa Sarearen mapak hutsune nabariak antzeman zituen Hondarribiko liburutegian, bai zerbitzuei dagokionez, baita langileriari dagokionez ere. Azken honi buruz, biztanle kopurua kontuan izanik, langile kopuru estandarra zazpi litzatekeela dio mapak, eta bi baino ez ditu Hondarribiko bibliotekak.
Horregatik, zerbitzua Zuloaga Etxera itzultzerakoan “zerbitzuak birplanteatu” egin behar direla uste du Abotsanitzek: “Hondarribiarrek zerbitzu egokia jaso dezaten nahitaezkoa da baliabide material nahikoa eskura izatea, eta hori kudeatzeko ezinbestekoa da pertsonal baliabideak ere nahikoak eta kualifikatuak izatea”.
Beste zazpi gai zerrendan
Orotara, zortzi gai dira asteazkeneko plenoko
gai zerrenda osatzen dutenak, akta zaharrak onartzea, alkatearen dekretuen berri ematea eta erregu eta galderak barne. Oro har, tramiteko gaiak dira ekaineko osoko bilkuran landuko direnak, horien artean, aldundiaren eta udalaren artean informazioa elkarri lagatzeko lankidetzari lotutako eranskin bat onartzeko proposamena, eta Irun-Jaizkibel linea elektrikoaren zortasuna handitzeko proposamena.