EAJrentzat, outlet guneak onura egingo dio tokiko merkataritzari, bezero berriak erakarriko dituelako. 400 lanpostu sortuko direla uste dute jeltzaleek.
Arantza Rojo batzarkide eta zinegotzi jeltzalea, gaurko agerraldian
“Bidasoaldeko eskualdearen sustapen ekonomikoaren aldeko apustua delako”, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Zaldunbordan outlet herrixka bat eraikitzeko proiektua babestu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Arantza Rojo batzarkide hondarribiarrak egin ditu adierazpenak, gaur goizean Donostian egin den osoko bilkuraren ondoren. Rojoren arabera, langabezia murriztu eta bisitariak urtean zehar erakarriko ditu Zaldunbordako egitasmoak: “Bidasoaldeko langabezia tasa Gipuzkoako altuenetakoa dela eta honelako proiektuek bultzada nabarmena emango diotela eskualdeari. Udako turismoaz harago, urte osoan zehar eskualdera bisitariak erakarriko dituen proiektua baitugu”.
Proiektuak
tokiko merkataritzari kalte egingo diola ohartarazi dutenei erantzunez, Hondarribiko Udalak —zinegotzia ere da Rojo— hurbileko merkataritzarekin elkarlana sustatzen jarraituko duela adierazi du, eta Zaldunbordako proiektua ohiko dendekin bateragarria izango dela erantsi du.
Ingurumenari dagokionez, hainbat talde ekologistek salatu dute Zaldunbordak kalte handia ekarri dezakeela, batetik, Jaizkibel eta Aiako Harria arteko korridore ekologikoan kokatuko litzatekeelako, eta bestetik, Natura 2000 sarean kokatzen den eremura trafiko handia zabalduko lukeelako. Batzarkide jeltzalea ez da bere adierazpenean balizko kalte horien inguruan mintzatu, aldiz, outlet guneak legez kanpoko hondakindegi izandakoa garbitzeko balioko lukeela nabarmendu du: “Proiektuak 400 lanpostu zuzen sortuko ditu, erakargune garrantzitsu bilakatuko da, eskualdeko ekonomia sustapenean eragin nabarmena izango du eta hori gutxi balitz, ingurumen arloan kutsatutako lur eremua garbitu eta eraberrituko du”.
Hilaren 8an esleitu zuten
Hondarribia Lantzen erakunde publikoak hilaren 8an esleitu zuen Zaldunbordako proiektua, EAJren aldeko botoekin. Plan Orokorra onartzeko ez ohiko plenoa egin zuten arratsalde horretan, eta HAPOa onartu eta gero egin zuten esleipena. Izan ere, Zaldunbordako lurraren kalifikazio aldaketa ezinbestekoa zen proiektua onartu ahal izateko, aurretik baratze-eremu gisa izendatuta baitzegoen.
Enpresa bakarra aurkeztu zen lehiaketara, Higertoki SL hidrokarburo enpresa. 100 saltokiko outlet herrixka proposatu zuen Higertokik, 40.000 metro koadroko azalera hartuko luke proiektuak eta 40 milioi euroko inbertsioa eragingo luke. Urtean sei milioi erosle potentzial aurreikusten ditu Hondarribiko Udalak onarturiko proposamenak.
Zaldunbordako proiektuak eragile askoren kontrako iritzia jaso du eta, besteak beste, Irungo Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek eskatu dute proiektua bertan behera uzteko.