Pasai Donibaneko I. Fegemu Bandera irabazi du Ama Guadalupekoak, Eusko Label Liga hasi aurreko azken estropada ikusgarrian.
Arraunlariak eta elkarteko ordezkariak, I. Fegemu Bandera eskuetan
Hondarribia eta Bermeo segundo berean, eta Orio hiru segundo eskasera. Emaitza hori utzi zuen larunbatean Pasai Donibanen jokatu zen erlojuaren kontrako estropada ikusgarriak. Laugarren San Juan helmugaratu zen, bosgarren San Pedro, eta seigarren eta azken tokian Astillero iritsi zen.
Emakumeen Gipuzkoako Ligako bigarren jardunaldiarekin batera —San Juanek irabazi zuen, lehenengoa bezala—, gizonen estropada egin zuten larunbat arratsaldean Pasaiako badiako uretan. Liga hasi aurreko azken estropada izan zen, eta Eusko Label Ligako sei ontzik hartu zuten parte.
Ama Guadalupekoa izan zen azkarrena (19.44,92), eta I. Fegemu Bandera bereganatu zuen, baina Urdaibai 59 ehunenera sartu zen, eta Oriori 2 segundo eta 95 ehunen atera zizkioten hondarribiarrek. Etxeko ontziarentzat laugarren postua izan zen, baina urrutiago, 22 segundora.
Larunbatetik, liga
Pasai Donibanekoa azken saioa izan zen. Larunbatean hasiko da Eusko Label Liga, Bilboko VIII. Bandera jokoan. Babesle berria du ligak eta, azken urteetan ez bezala, Euskal Herrian emango zaio hasiera txapelketari. Bigarren jardunaldia ere asteburuan jokatuko dute, igandean, Portugaleten.
Azken probetan ikusitakoaren arabera, Hondarribia, Urdaibai, eta Orio sasoiko dirudite, baina Kaiku ez da oso aparte ibiliko.