Larrialdietako langileek urteak daramate eskualderako anbulantzia medikalizatu bat eskatzen. Orain, Hondarribiko oinarrizko ibilgailua kendu nahi dute
Hondarribiko anbulantziaren lekua hutsik. Osakidetzak zerbitzua kendu nahi du
Joan den ostiralean 33 urteko gazte bat hil zen Irunen, bihotzekoak jota. Anbulantzia eskatu zuten, baina ez zegoen bat bera ere libre, eta larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako berandu zen, ezin izan zuten gaztea piztu. Osakidetzako Emergentzietako langileek beraiek salatu dutenez, anbulantzia eskasia handia dago eskualdean, baita Donostialdean ere, eta horrek eragin handia du haien eguneroko zerbitzuan. Askotan eskatu izan diote Jaurlaritzari anbulantzia medikalizatu bat eskualderako, baina erantzunik ez dute jaso.
Arazoa arindu ordez, larriagotu daiteke Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hartutako erabakia baieztatzen bada. Joan den ostegunean Hondarribiko Abotsanitz alderdiak jakinarazi zuen, medikalizatua jarri ordez, Jaurlaritzak Hondarribiko larrialdietako anbulantzia bakarra kentzea erabaki duela eta, horren ordez, erizaina duen beste ibilgailu bat jarriko dutela Oarso-Bidasorako: “Erabaki honek itxaron denborak luzatuko ditu, eta mediku zerbitzua beharra duten larrialdiak ez dira beteko”.
Jaurlaritzaren asmoak kezka handia eragin du eskualdean. Astelehenean Irungo Udaleko bozeramaileen batzordea elkartu zen, gaia lantzeko. Alderdi guztiak ados jarri ziren: “Gure eskaera da ez bakarrik egun dagoen anbulantzia zerbitzua mantentzea, baizik eta hori indartzea, sektoreko profesionalek eskatu duten moduan”. Irungo alderdiek esan zutenez, kobertura handitzeak “hiritarrei lasaitasuna emateko” balioko luke.
Irun eta Hondarribiko alkateak ere iritzi berekoak dira. Hondarribiko Txomin Sagarzazu eta Jose Antonio Santano Irungoa, Jaurlaritzako Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuorde Fatima Ansotegirekin bildu ziren asteartean Gasteizen. Bidasoarren kezka helarazi zioten Ansotegiri, eta Hondarribian kenduko luketen oinarrizko laguntzarako anbulantzia manten dadila, eta medikalizatu bat gehitu dadila eskatu zioten. Ansotegik erantzun zien gaiaren gaineko erabakirik ez dagoela oraindik, anbulantzien inguruko hobekuntzen erabakiak hausnarketa fasean daudela.
Hondarribiko alkateak zehaztu zuenez, uda garaian ia bikoiztu egiten da Hondarribiko biztanleria —anbulantzien zerbitzuaren berrantolaketa udarako dago aurreikusia—, eta “herritarrentzako ezinbestekoa den zerbitzu bat era egokiagoan” eskaini behar dela erantsi zuen.
Irungoak, bere aldetik, sailburuordeari jakinarazi zion hitzorduaren aurretik anbulantzietako langileekin egonak zirela, zuzenean arazoaren berri izateko. Irungo bozeramaileen batzordean adostutakoa adierazi zion Ansotegiri, alderdi guztiek murrizketarik ez izateko akordioa hartua zutela: “Denon segurtasunaz ari gara hizketan, eta gai honetan ezin dira murrizketak eta aurrezteak egin”.
Eskaera Legebiltzarrean
Une honetan Bidasoaldea (Nafarrokoa barne), Oarsoaldea eta Donostialderako anbulantzia medikalizatu bakarra dago. Bidasoko Ezker Anitzako kide Proko Gomezek atzo nabarmendu zuen Munduko Osasun Erakundearen gomendioa dela 120.000 biztanleko anbulantzia medikalizatu bana izatea, “eta hemen 400.000 biztanle atenditzeko bakarra daukagu”.
Zentzu horretan, Elkarrekin Podemos koalizioko Jon Hernandez legebiltzarkideak proposamen zehatz bat aurkeztu du Gasteizko ganberan eztabaidatzeko: Bidasorako ibilgailu medikalizatu bat eskatu du koalizioak, bestelako oinarrizko zerbitzurik murriztu gabe. “Ezin da onartu biztanle gehien dituen Gipuzkoako bigarren eskualdeak anbulantzia medikalizatua partekatu behar izatea Donostialdearekin eta Oarsoaldearekin”, azaldu du Hernandezek.
Joan den asteburuan herritar batek eskaera bat abiatu zuen
change.org plataforman, Hondarribiko anbulantzia kendu ez dezaten eta Bidasorako beste medikalizatu bat gehitu dezaten eskatzeko. Gaur (ostirala) eguerdian ia 6.000 ziren Internet bidez eskaera hori sinatu duten herritarrak.