Dozenaka sutzar piztuko dira San Joan bezperan Hondarribian, gehienak baserri-eremuan. Kai Zaharreko ekitaldia 20:15ean hasiko da.

Hondarribiko haurrak, iaz, Kai Zaharreko hondartza txikian
Ametsak betetzen ote diren, gaizki egindako azterketak erretzeak zerbaiterako balio ote duen, biharamunean ihintza hostoak zapaltzeak mesede egingo ote digun, hori zalantzazkoa izan daiteke. Baina San Joan gaua magikoa dela, hori ukaezina da. Dozenaka su piztuko dira bihar Hondarribian, herria laino artean biltzeraino.
Su gehienak baserri-eremuan piztuko dituzte, baina jende gehien biltzen duena Kai Zaharrekoa izaten da, Udaleko Kultura departamentuak eta Hondarribia Arraun Elkarteak elkarrekin antolatzen dutena. 20:15ean hasiko da ekitaldia, baina aurretik musika banda herrian barrena ibiliko da San Joan zortzikoa jotzen.
Sua da biharko protagonista nagusia, baina ez bakarra, arraun elkarteak herriko traineruen aurkezpena egiteko baliatzen baitu ekainaren 23a. Aurten, tamalez, iaz baino eskifaia bat gutxiago aurkeztuko dute, nesken ontzia osatzerik ez dutelako izan. Hortaz, mutilen A eta B traineruetan bogatuko duten arraunlariak elkartuko dira Bentako aparkalekuan, hurrenez hurren, Eusko Label Ligan eta KAE1ean lehiatuko direnak.
Ondoren, ohi bezala, Meakako dantzarien saioa izango da, sua piztu aurretik. Horren zain egon gabe, ikasleek sutzarrez beteko dituzte bi hondartza txikiak, eskolako apunteak, itzulitako amodiozko gutunak, eta ahaztu nahi dituzten beste kontu batzuk erretzeko. Su garrak ahultzen direnean zezensuzkoak emango dio amaiera Kai Zaharreko ekitaldiari.
Udalak
bandoa kaleratu du, oro har, biharko egunean zentzutasuna eskatzeko. Izan ere, magikoa izaten da San Joan bezpera, baina are magikoagoa sustorik gabe igarotzen bada. Kontuz bada suarekin, eta etxeko leihoak ondo itxi, izpiritu zaharrak uxatzea baita kontua, ez etxera sartzea.