Arratsaldez beharrean, goizez egingo dute, 10:30ean hasita. Iaz Jose Antonio Gomez de Arribak eta Claudia Behobidek irabazi zuten proba.
Bidasoa Atletiko Taldeak antolatuta, XLI. San Martzialeko Igoera egingo dute larunbatean Irunen, hiriko jaien barruan. Proba motza da, 3,6 kilometrokoa, baina gogorra era berean, hasieratik bertatik erritmo oso bizia ezarri ohi delako. Urdanibia plazan hasten da, eta San Martzialen ermita inguruan jartzen da helmuga; proba osoa asfalto gainean egiten da.
Aurtengo berrikuntza nagusia ordutegia izango da, orain arte arratsaldez egiten baitzen igoera, eta aurten goizez egitea erabaki baitute. 10:30ean emango zaio hasiera lasterketari eta gutxi gorabehera 14 minutu geroago hasiko dira korrikalariak Irungo zaindariaren ermitara iristen. Orotara, 300 lagunek hartuko dute parte proban.
Gizonen nahiz emakumeen sailkapenek lehenengo bostek sariak jasoko dituzte. Banakako sailkapenaz gain, koadrilen sailkapena ere izaten da. Bost kidez osaturiko talde onenak bazkari edo afari bat jasoko du hiriko jatetxe batean.
Iaz Jose Antonio Gomez de Arriba irundarrak irabazi zuen gizonen sailkapena, eta Raul Gomez lasartearra bigarren sartu zen. Beste irundar batek, Javier Perezek osatu zuen podioa. Emakumeen probako irabazlea Claudia Behobide hondarribiarra izan zen, Olatz Zabala eta Monica Telletxea irundarren aurretik sartu zen hondarribiarra.
Irteeratik bertatik erritmo bizia ezartzen dute korrikalariek (argazkia: Kiroletik)