Ondarretako toldo zaharrak berrerabiliz Emausek eginiko osagarriak salgai daude Hondarribiko hondartzan. Bihar hasiko da bainu denboraldia Gipuzkoan.

Hondarribian aurkeztu dute bainu denboraldia. Bihar zabalduko dute Gipuzkoa osora
Ez, ez da akatsa, hala da albistea, Donostiako Ondarretako etxoletako toldoak Hondarribiko hondartzan aurki daitezke gaurtik aurrera astebetez. Toldoak baino, toldo zatiak hobe esanda, edo, are gehiago zehaztuz, Emauseko kideek toldo zaharren zatiak berrerabiliz sorturiko produktuak: poltsak, espartinak, nezeserrak…
Gaur aurkeztu dute Hondarribian Gipuzkoako bainu denboraldia —hasiera ofiziala hilaren 8an egin zuten, Orion, baina denboraldia bihar irekiko dute —besteak beste, sorospen-zerbitzua martxan jarriko da bihar—, eta aldundiak
Zain ditzagun gure hondartzak sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du gaur. Hondarribian aurkeztu dute gaur goizean, bertan izango baita gaurtik eta astebetez, kanpainari lotutako informazio-puntu ibiltaria. Hilaren 21era arte egunero irekiko dute, 11:00etatik 19:30era.
Aurkezpenean Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azaldu duenez, “kanpainaren helburua da gure hondartzetan ardurazko erabilera iraunkorraren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, aisialdiari, turismoari eta kirolari dagokionez”. Hala, hareatzak arduraz erabiltzeko gomendioak emango dira informazio-puntuan, eta hondakinak behar bezala bildu eta bereizteko mini-edukiontziak banatuko dituzte.
Asensioren ondoan, eta Emauseko kideekin eta osagarriak diseinatu dituzten bi sortzaileekin batera, Juan Mari
Txisun Altuna Hondarribiko Udaleko Zerbitzuetako zinegotzia egon da. Kanpainaren balioa nabarmendu du, eta herritarrei deia luzatu die, hondartzekin eta, oro har, ingurumenarekin arduratsu jokatu dezaten.
Hori guztia garrantzitsua izanik ere, Emaus erakundearen
Sindesperdicio markaren bitartez sorturiko materiala da informazio-puntuko alde deigarriena. Ondarretako toldo zatiekin sorturiko arropa osagarriak dira, eskuz jaso, garbitu eta berrerabilitakoak. Diseinuak,
Haria eta
Galarre gazte sortzaileenak dira, eta Emausen gizarte ekintza programaren bitartez sortu dituzte. Edizio mugatua da, ale bakoitzak bere zenbakia duelarik. Salgai daude eta, adi egon, Hondarribian astebetez baino ez baitira egongo, hilaren 21era arte.
Aurrerago, honako hondartzetara mugituko dute
Zain ditzagun gure hondartzak kanpainako informazio-puntu ibiltaria:
- Zumaiako Santiagon (hilaren 22tik 3ra)
- Orioko Antillan (uztailaren 4tik 9ra)
- Zarautzen (uztailaren 10etik 18ra)
- Donostiako Zurriolan (uztailaren 19tik 31ra)
- Getariko Malkorben (abuztuaren 1etik 7ra)
- Mutrikuko Portun (abuztuaren 8tik 14ra)
- Debako Santiagon (abuztuaren 15etik 21era)
- Ondarretan (abuztuaren 22tik irailaren 4ra)