Munduko Begiak elkarteak Mozanbikeko haurrei begietako azterketak egin diezaien bazkari solidarioa egingo dute larunbatean Klink elkartean.
Nagore Arbelaitz oftalmologoa, bi ume sahararrekin, Tindufen
Mila haurrentzako argia, itsu geratu daitezkeen haurren diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko bazkari solidarioa antolatu dute larunbaterako, hilak 17rako, Hondarribiko Klink elkartean.
Nagore Arbelaitz oftalmologo hondarribiarra kide den
Munduko Begiak (Ulls del Mon) gobernuz kanpoko erakundearen kanpaina bat laguntzeko da bazkaria. Munduko itsutasuna erradikatzea da Munduko Begiak-eko oftalmologoen asmoa, eta Arbelaitzek hainbat aldiz bidaiatu du Saharara, eta Tindufeko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuei ehunka katarata ebakuntza egin dizkie, doan.
Oraingoan, Klink elkartean bilduko duten diruarekin Mozanbikeko mila haurreri arterketak egin nahi dizkie Munduko Begiak elkarteak. Oftalmologoak azaldu duenez, begietako gaixotasun larrien diagnostiko goiztiarra egin, eta zuzendu gabeko urritasunak dituztenak zehaztu nahi dute, hau da, betaurrekoak behar dituzten haurrak garaiz identifikatu nahi dituzte (
ikusi bideoa Klinken Facebook orrian).
Haur horiek bizi diren lekuaren berezko ezaugarriengatik, gutxi gorabehera bost haurretatik batek beharko lituzke betaurrekoak urritasun errefraktarioak zuzentzeko. Arbelaitzek nabarmendu duenez, diagnostiko goiztiarrak bere biziko garrantzia du haur horiek itsu geratu ez daitezen. Kontuan izan behar da, gainera, gaizki ikusten duten edo itsu geratzen diren pertsonek Euskal Herrian baino askoz ere zailtasun gehiago izaten dituztela herrialde haietan.
Bazkarira joan nahi duenak, ohiko lekuetan lor ditzake txartelak: Kai-Alde goxodendan, Alzaga urdaitegian, Hondarribiko Batzokian eta Klink elkartean bertan —628 64 17 37 zenbakira deituta erreserbatu daiteke—. Bazkarira joaterik ez duenak baina kanpainarekin lagundu nahi duenak, Klinkek Kutxabanken duen kontu korronte solidarioaren bitartez egin dezake:
ES05 2095 5039 90 1061338918.