Alderdi bakarrak onartu du Hondarribiko Plan Orokorra
Hamar urteko eztabaidaren ondoren, EAJ bakarrik geratu da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartzeko. Zaldunbordako proiektua esleitu dute jeltzaleek.
Hamar urteko eztabaidaren ondoren, bere botoak bakarrik lortu ditu EAJk Hondarribiko etorkizuna markatuko duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) onartzeko. Ostegunean onartu zuten HAPOa, ezohiko orduan —arratsaldeko bostetan— deituriko ez ohiko plenoan. EAJk bakarrik bozkatu zuen alde, Abotsanitzek eta EH Bilduk kontra, eta PSE eta PP abstenitu egin ziren. Hala, alderdi bakarraren bozekin aurrera atera da hurrengo 12 urtetan behintzat Hondarribiak izango duen garapena zehaztuko duen dokumentua. Jarraian, Hondarribia Lantzen erakunde publikoa batzartu zen, eta bertan Zaldunbordako outlet herrixkaren proiektua esleitu zuen EAJk, PPren abstentzioarekin eta gainontzeko hiru alderdien kontrako botoekin. HAPOa onartu izana oso garrantzitsua da, batetik, etorkizuna zehaztuko duelako, eta, bestetik, eztabaida asko luzatu denez, hirigintza proiektu ugari plan orokorra onartu zain zeudelako. Horregatik ez da harritzekoa bozketaren ondoren alkatea pozik egotea, nahiz eta bere alderdiren babesa baino ez zuen lortu. “HAPOaren behin-betiko onarpena oso garrantzitsua da Hondarribiarentzat, gure hiria datozen urteetan nola egituratuko den finkatzen digu eta”. Sagarzazuk eskerrona azaldu zuen eztabaidan parte hartu izan dutenekin, aurreko alkate eta zinegotziei, teknikari eta administrariei eta planaren idazleari eta kolaboratzaileei, eta Planeamendu Aholku Batzordean parte hartu duten herritarrei ere”. Plan orokorrak zehazten dituen arloen artean, etxebizitzena eta jarduera ekonomikoetarako lur-zoru berriena nabarmendu zituen alkateak: “Datozen 12 urteetarako 1.566 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, horietatik 891, %57a, publikoak edo babes ofizialekoak, eta beste 656 erregimen librean. Jarduera ekonomikoari dagokienez, garapen berriko jarduera-lurzoruetarako 33,7 hektarea proposatzen dira Hondarribiko udal-barrutirako. Orain artekoei erantsiz gero, denetara 45,9 hektarea”. Hau da, oraingo jardueretarako eremuak laukoiztu ditu plan orokorrak. 117 milioi euroko inbertsioa egin beharko du Hondarribiko Udalak plan orokorra gartzeko. Gobernuaren ustez, udalak diru hori lortzeko aukera du: “Udalak jarri beharrekoa kopuru horretatik 53 milioi euro dira, eta udalak lortutako hiri-zoruaren eskubideen balioa eta nahitaezko lagapenaren balorazioa eta beste zenbait konpentsaziok 55 milioi euro suposatzen dute. Ondorioz, esan dezakegu Udalak baduela HAPOa garatzeko finantziazio-iturria”. Oposizioan babesik ez Jeltzaleek bakarrik bozkatu zuten ostegunean HAPOaren alde. Oposizioko bi indar nagusiek —Abotsanitz eta EH Bildu—, kontra bozkatu zuten, eta PSE eta PP-ren bi zinegotziak abstenitu egin ziren. Abotsanitz oso kritiko azaldu zen onartutako planarekin: “Hondarribiaren etorkizuneko garapena jorratzeko lantresna kapitala dela deritzogu, etxebizitza politika, mugikortasuna, ingurumena, etab. jorratzen direlako bertan. Baina ez da herritarrekin behar adina partekatu, denboran gehiegi luzatu da, eta kostuan ere igoera handia izan du”. Gainera, Igor Enparan bozeramailearen ustez, HAPOak legea urratuko duten jarduerei bide ematen die: “Mugikortasunari dagokionez, duela hamar urteko irizpideetan oinarritzen da. Baina gehien kezkatzen gaituena da irregulartasun juridiko nabarmen bat aurreikusi genuela, batzorde bileretan zein publikoki aditzera eman dugu, baina udal gobernu taldeak aurrera jarraitu nahi izan du, Zaldunborda eremuaren birkalifikatzea lege urraketa bat dela jakinda ere”. EH Bildu ere oso gogor mintzatu zen planaren zein erabilitako prozeduraren kontra: “Larria da alderdi bakar baten bozekin onartzea, beste alderdi batzuen iritziak kontuan ez hartzea, finean, honelako gai garrantzitsu batean ere, EAJk arrabola pasatzea”. Karlos Gebarak hainbat arrazoi eman zituen planaren aurka bozkatzeko: “Parte hartze prozesua ez delako legeak agintzen duen bezalakoa” izan, ez duelako hiru ekonomia-sektoreentzako garapen orekatua eskaintzen, “etorkizunerako espekulaziorako eremu berriak” irekitzen dituelako, etxebizitza hutsei heldu gabe berriak eraikitzeko asmoa duelako, eta abar. Horiez gain, Zaldunbordari dagokionean, onarpena “legez kontrakoa” dela iritzi zuen EH Bilduk, eta bozketa nominala eskatu zuten: “Idatzi dituztenen ardura dira txostenen edukiak, botoaren ardura politikari bakoitzarena den bezala”. Gobernuak ez zuen onartu, eta ohiko bozketa egin zen. PSE-EE eta PP abstenitu egin ziren. Iosu Alvarez sozialistak, udal gobernuak “abstentzio eraikitzailea” hautatu zuen, bere proposamen batzuk aintzat hartu eta gero: “Hasieran pasa zitzaigun zirriborrotik gure alderdiak egindako hainbat hobekuntza gehitu dira, arima soziala eman ahal izateko planari. HAPOak ematen dituen diru-sarrerak hiritarrarengan bana daitezela eskatzen dugu”. PP ere abstenitu zen. Josemi Otxotekoren ustez, udalak arazoak izango ditu plan orokorrak aurreikusten dituen alokairu sozialeko etxebizitzak finantzatzeko: “HAPOan agertzen diren alokairu sozialeko etxebizitza guztiak egiteko finantzazio-arazoak izango ditugu, eta horrek arazo bat ekarriko digu etorkizunean”.