Martxel Mariskal hondarribiarrak poema liburua argitaratu du Susarekin. Gaixotasun baten erruz 2002tik ez du ezer kaleratu; harrera oso ona izan du lanak.
Martxel Mariskal Kultur Etxean asteazkenean, Gorka Bereziartuarekin blagan
Martxel Mariskal idazle hondarribiarrak
Susa-rekin argitaraturiko
Azken zakatzak poesia liburua aurkeztu zuen asteazkenean Hondarribiko Kultur Etxean. Bere bigarren lana da,
Me llamo Ezequiel y así será siempre (Hiru, 2002) eleberriaren ondoren, eta lehenengo poema sorta. Baina aurretik asko dira bere hitzak erabili dituzten musika taldeak eta hori ere poesia da, ez beti, baina bai Mariskalen kasuan. Horregatik ez da hain arraroa asteazkenean aretoa bete izana.
Erabilera anitzerako 103 aretoko aulki guztiak okupatu ziren, eta izan zen ekitaldia atearen beste aldetik jarraitu behar izan zuenik; inor ez zen bere lekutik mugitu idazlearen ahotsa isildu arte. 2003tik pairatzen duen gaixotasunak ez dio beste ezer argitaratzen utzi, “idatzi bai, etxea zirriborroz beteta daukat”, eta ekitaldiaren hasieran ahul zegoela onartu zien ikusleei, baina saiatuko zela.
Blagan Euskara Elkarteak antolatu zuen ekitaldia, eta elkarrizketa formatua eman zion, Gorka Bereziartua kazetariak egin zion elkarrizketa Mariskali. Hori baino lehenago, Kote Guevara liburuzainak aurkezpen txikia egin zuen. Horrelako askotan egona da Guevara, eta aurkezpenera bildutako jendetza ikusita “harrituta” geratu zela onartu zuen. Baina ez hainbeste, liburuak saltokietan izandako harrerari erreparatuz gero: “Saltzaileek esan digute liburuak jakin-mina piztu duela”.
Guevararen arabera,
Azken zakatzak-en “poema bisualak, flashak bezalakoak” bildu ditu Mariskalek; “horiek lotzea ez da erraza, baina lortzen denean oso aberasgarria da”, erantsi zuen. Gaiei dagokionez, “askotarikoak, amodioa, oinazea, itsasoa askotan, eta kritika soziala lerro artean”, horiek dira irakurleak hondarribiarraren lanean aurkituko dituenak. “Poema kaleidoskopikoak dira —zuzendu zitzaien bildutakoei—, nik alde batzuk aurkitu ditut, zuek beste batzuk aurki ditzakezue”.
Elkarrizketa formatuan
Sarreraren ondoren, irakurleen aurrean bakarrik geratu ziren Bereziartua eta Mariskal. Aurrena, arrakastaren arrazoiaz galdetu zion kazetariak, baina idazleak ezin izan zion eskatutakoari erantzun: “Ez dut euskal literaturan ibilbide bat, urteak dira nire lehen eleberria atera nuenetik”. Baina Mariskalen literatura liburu formatuez harago da ezaguna, besteak beste Beti Mugan, Dut, Lisabo, eta Zura rock taldeek abestu dituztelako bere letrak. Eta asteazkenean, talde horietako musikariak eta zaleak gerturatu ziren Denda kaleko hormigoizko eraikinera.
Bildutako asko liburua irakurrita joan ziren aurkezpenera, eta eskerrak eman zizkien egileak. Onartu zuen ez dela liburu erraza, generotik hasita: “Eguneroko hizkuntzatik gehien urruntzen den genero literarioa da. Esfortzua eskatzen du, eta txalotzen ditut irakurleak, liburu honek aktibo izatera behartzen zaituelako”.
Kultur Etxeko 103 aretoa lepo bete zen Mariskalen aurkezpenerako
Ahul hasi zen, baina gustura antzematen zitzaion. Gaixotasunak ez dizkio horrelako aukera askorik ematen. “Gaixotasuna eta oinazea beti ez doaz elkarrekin, baina oinazea dagoenean ez da besterik existitzen. Oso esperientzia bitala da, lan handia egin beharra dago”. Baina berak lan egiteko prest dagoela ziurtatu zuen, eta bere hizketaldian baikor azaldu zen uneoro: “Bizitza aurreraka egiten da, horrela ulertzen dut nik”.
Azaldu zuenez, bere asmoa ez zen ezer argitaratzea, idaztea baizik, eta emaitza “sorpresa polita” izan dela iritzi zuen: “Duela gutxi horrelako lan xume bat egitea pentsaezina zen niretzat”. Idatzitakoa konpartitzeko modukoa zela ikusi zuenean, argitara eramatea erabaki zuen: “Nire barruarekin oso exijentea naiz, ez nago prest edozer gauza argitaratzeko. Baina merezi zuela uste dut”.
Askotariko poemak bildu ditu Mariskalek Azken zakatzak liburuan, eta formatu desberdinekoak. “Erregistroa aldatzeak bizitasuna ematen dio. Dena bilatuta dago, kontzienteki egina. Poesia lan sakona da, eguneroko pragmatismo linguistikotik harago zure izpiritua beste toki batean kokatzen duzu”. Erronka gisa ulertzen du Mariskalek poesia, “hitzekin jolastea gustatzen zait, talka eragiteko”.
Askotariko gaiak ere jorratu ditu Martxel Mariskalek Azken zakatzak poesia liburuan, eta denetarik izan zuen hizpide asteazkenean Hondarribiko Kultur Etxean Bereziartuak gidaturiko hizketaldian. Idazleak ahulduta hasi zuen jarioa, baina haziz joan zen, eta indartsu bukatu. Amaieran, liburua argitaratu ondoren idatzitako bi bertso errezitatu zituen, barrutik hustu arte, entzuleak hunkitzeraino.
Literatura munduan lehen murgilaldiak egiten zituenean bezala bukatu zuen Martxel Mariskalek Blagan Euskara Elkarteak antolaturiko liburu aurkezpena, bere hitzak musikaz jantziz. Literaturan ibilbiderik ez duela dio Hondarribiko poetak, baina badu ibilbidea, hori bai, besteenen desberdina. Isilik egon eta gero, itzuli da rock poeta, segi dezala aurrerantz egiten.