Gregorio Azkona hondarribiarrak zuzendu, errodatu eta muntatu duen aMari fikziozko film sinbolikoa proiektatu zuten atzo Itsas Etxean.
Besteak beste, Jaizkibelen, Iratin eta Ordesan errodatu zuen Azkonak
Gregorio Azkona hondarribiarraren
aMari pelikula proiektatu zuten atzo arratsean Itsas Etxea Auditoriumean. Azkonaren fikziozko lehen film luzea da eta, dagoeneko hiru kontinentetan estreinatu duten arren, Euskal Herrian ikusi gabe zegoen oraindik. Are gehiago, atzokoa Europako aurre-estreinaldia izan zen, eta ateak irekita egin zuten, kazetariekin batera, ikusleak doan sartu zirelarik.
Zuzendariak Hitzari aitortu dionez,
aMari ez da zinema aretoetan ikusten ohituak gauden film horietakoa, baina ezta dokumentala ere, “ez du elkarrizketarik, ez du pertsonaiarik, beno, pertsonaiak hor daude, baina ez dira haien aurpegiak azaltzen”. Pelikula sinbolikoa da
aMari, “film onirikoa” egilearen hitzetan. Adibide bat, joan den asteburuan Zeelanda Berrian aurkeztu zuten XII. Wairoa Maori jaialdian, eta antolatzaileek
Zinema indigena atalean sailkatu zuten, eta “basque spiritual film” gisa iragarri zuten. “Guztiz sinbolikoa da —gaineratu du Azkonak—, ez du azalpenik behar, koadro abstraktu batean bezala, azaltzen baduzu argia galtzen du”. Horregatik, aurrerantzean
aMari ikusteko aukera dutenei gomendioa egin die: “Aurretik burua hustu, denboraz ahaztu, eta aurreiritzirik gabe ikusi, pentsamendu irekiarekin, filmaren zentzua hobeto ulertzeko”.
Zamalzainen bidaia
Arbasoen deia jaso duen Zamalzainen bidaia kontatzen du Azkonaren lanak, jatorritik etorkizunera egindako bidaia, «izaki estetiko eta sakratuaren bidaia». Sakralitatearen bilaketa horrek garrantzia handia du egilearentzat, «sakratuaren bila joatea da pelikularen ideia nagusia. Gizakia ezin da osotasunean sakralitaterik gabe bizi, nik hori antzeman dut gure gizartean, hutsune hori sumatzen dut, gizartea puskatuta dagoela». Bere ustez, naturan bilatu behar da sakralitatea, eta hori da Zamalzainek egiten duena.
Bidai horretan, kokapenak garrantzia handia du, eta ez da kasualitatea filmaren zatirik handiena Jaizkibelen grabatua egotea. “Bidaia Jaizkibelen hasi eta bukatzen da, baina Kantauriko kostaldea eta mendilerroak, eta Pirinio mendiak grabatu ditut ere, ez bakarrik Jaizkibel”. Zinegileak nabarmendu duenez, Hondarribian hasi eta bukatzen da, “bidaia biribila da”. Leku ederrak direlako baina, batez ere, “naturaz beteriko lekuak direlako” hautatu ditu Azkonak leku horiek.
Pantailan ikus daitekeena bezala, proiektua bera ere bidaia bat izan da, hamar urte baino gehiago luzatu den bidaia. “Proiektua Aitz Arrietarekin hasi nuen, 2004an, eta uste nuen hiru edo lau urtean bukatuko nuela, baina hiru aldiz gehiago kostatu zait. Lehenengo ideia, gero lau urte grabazioetan sakon sartuta, gero gidoia, eta ondoren, muntaia”. Eta behin muntaian sartuta, toma gehiago errodatu behar zirela ikusi zuen: “Beldurra nuen, irudi gutxi izango ote ziren beldur nintzen, irudi sinbolikoak batez ere. Beste batzuetan, pentsatutakoa ezin grabatu izana, eguraldiagatik edo beste arrazoi batengatik, eta errepikatu beharra…”. Askotan, inprobisatu behar izan duela onartu du, “gauzak ateratzen ez direnean inprobisatu behar da, gidoiari jarraituz gero frustrazioa eragin dezakeelako”.
Estreinaldia falta da
Bidaia sinbolikoa da Gregorio Azkona hondarribiarrak zuzendu, errodatu eta muntatu duen
aMari film luzea. Bidaia da kontatzen duena, eta bidaia da pelikula egiten ari dena. Armenian estreinatu zuten iazko urrian, Golden Urartu Film Festival jaialdian. Gerora, Kazakhstan, India, Kolonbia eta Zeelanda Berrian erakutsi dute, eta atzo zuzendariaren herrian.
Atzokoa aurre-estreinaldia izan zen, hori zehaztu du Azkonak. Nonbait, asko zailtzen ari zaio filma Europan estreinatzea, eta arantza hori sartuta duela nabari zaio: “Nahiko nuke Itsas Etxekoak balio izatea horretarako, Europan estreinatu ahal izateko». Atseden hartuko luke orduan, «nik ere burua hustu eta beste proiektu batean pentsatzen hasteko”.
Europan, eta Afrikan, bi kontinente horietan estreinatu dezatela, hori falta zaio Zamalzainen bidaiari. Bi geltoki horiek falta zaizkio Aitz Arrietak eta Gregorio Azkonak duela hamabi urte hasi, eta Azkonak jarraitu zuen bidaiari.
(Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)
Ahalik eta gehien zabaltzeko, diru bilketa abian
Proiektua bukatuta,
aMari ahalik eta gehien eta urrutien zabaltzea da Gregorio Azkonaren helburua, eta horretarako crowfunding kanpaina du abian. Nabarmendu duenez, filmak ez du inolako diru laguntzarik jaso, “autoekoizpena izan da, goitik behera”.
Webgunearen bitartez laguntzeko aukera dago, eta bildutako dirua filma jaialdietara bidali, promozioan lagundu eta webgune eleanitz berritua sortzera bideratuko da.